Beñat Barandiaran: «Belaunaldi berriak ez dira jakitun gure erraiak nondik datozen ere»
Iaz 'Zertako musika' ikus-entzunezkoak arrakasta jaso ondoren, aurten 'Erraiak' editatu du Beñat Barandiaran musikariak (Zizurkil, 1978). Lazkaon gitarra irakaslea da, baita musikaria ere.'Erraiak' ikus-entzunezkoan, bertako musikaz eta anglosaxoitik ...
Iaz ‘Zertako musika’ ikus-entzunezkoak arrakasta jaso ondoren, aurten ‘Erraiak’ editatu du Beñat Barandiaran musikariak (Zizurkil, 1978). Lazkaon gitarra irakaslea da, baita musikaria ere.
‘Erraiak’ ikus-entzunezkoan, bertako musikaz eta anglosaxoitik harago beste batzuk badirela erakutsi duzu. Beharra?
Bai. Musikaren sorreratik, munduko ahozko kultura guztietan pasatu da: musika eraldatu egiten da, eta gaurko musikariek modu batera bizi dute, garai batekon berdin zertan izanik ez duena. Ez garai bateko erraiei edo musikari eutsi behar zaielako, eusteagatik. Film honekin erakutsi nahi nuen, gaur egungo musikariek gauza zaharrekin berriak egiten segitzen dutela, beren kulturako musikatik abiatuta eta folklorismoan erori gabe.
Nola ekoitzi duzu ikuskaria?
Nik ez dut ezer grabatu, edizio lana bakarrik egin dut. Halako gonbidapen bat da, bidaia bat eginez, mundu osoko irudiekin. Musikariak jotzen azaltzen dira bakarrik. Ikerketa lan bat egin dut. Egile eskubideei dagokienagatik, helburu didaktiko hutsean gelditzen da. Musika eskolaren helburua hori da, baita ere.
Tradizioa behar dela, baina musika bizia dela txertatu nahi duzue ikasleengan? 30 urtean aldatu egin da irakaskuntza, ala?
Aldatzen ari da. Garai batean, batez ere gurea bezala zapalkuntza jasan duen herri batean, itxitasun handia egon da mundua zabaltzeko eta berritzeko. Ahazten zaigu hori askoz okerragoa dela eboluzionatzeko eta bes- teengandik ikasteko. Gizartea aldatzen ari den neurrian, hori ere aldatzen ari da.
Baina belaunaldi berriak, neurri batean, ez dira jakitun gure erraiak nondik datozen ere. Globalizazio honekin, jada ez da gauzak deskafeinatu egiten direla, baizik jendea kezkatu gabe bizi da, eta ez du baloratzen kultura bakoitzak daukan altxorra.
Oreka hori nola lor daiteke?
Bi ildoak lotu nahi nituen: gauzak baloratu behar dira, baina itsutu gabe. Eta, kanpotik datorren guztia ez da ona. Garrantzitsua da nondik gatozen jakitea, nora joan jakiteko. Ni beti folk musikan oso-oso interesatua egon naiz, nahiz eta gaztetako formazio musikala heavya izan eta rocka jotzetik natorren. Iker Goenaga trikitilariarekin, trikiti klasikoa folkera eramaten saiatu ginen, eta hor ikasi eta baloratu nuen badaukagula altxor bat, eta hori garrantzitsua dela.
Atzerantzako bilakaera izan da zurea, beraz?
Paraleloki eraman ditut. Txikitatik jaso ditut bertsolaritza eta Ez Dok Amairuren musikaren ondorioak. Lo egiteko, beti entzun izan ditut Benito Lertxundi, Mikel Laboa edo Pantxoa eta Pello. Bertsolaritzan, Lazkao Txiki familiakoa izatearen zorte handia daukat, eta nire aita ere bertsolari ohia da. Errespetu eta maitasun hori beti jaso dut. Gero, egia da, gaztetan kanpotik datorrena nahi duzu, ez duzu hor gelditu nahi… Baina paraleloan joan da.
Musika-kultura zabaltzeko bitarteko egokia da ikus-entzunezkoa, ezta?
Nik musika eta zinema beti lotuta ikusi ditut. Estetikak oso botere eta indar handia izan du. Berez, zinema ikastea gustatu izan zait beti, baina musikari heldu nion. Musika konposatzerakoan edo entzuten dudanean, nahi gabe irudiak ikusten ditut. Bere garaian antzerkiak idazten eta egiten ibili ginen, eta gidoiak sortzerako orduan musikak sortzen zizkidan inspirazioak. Orduan, lotuta daude.
Beraz, ez da kasualitatea izan bi urteotan irudietara jotzea.
Ez, egia esan. Irakurketa utzita daukat dezente, baina zinema, literatura, pintura, artea, dantza, antzerkia… beti interesatu izan zaizkit. Musikari batek, musikan bakarrik zentratzen bada, perspektiba asko galtzen ditu.
Gaur egun, Lazkao Txiki musika eskolan irakasle aritzetik aparte, zertan ari zara?
Eskerrak irakasle nabilen, eta bokazio bezala irakaskuntza sentitu dudan. Zeren musikarako dedikazio handia behar da, baina gauzak dauden bezala, eta musikarien lanbidea oraindik existitzen ez denez …
Ez dago lanbide bezala hartua?
Ez. Frantzian bai, eta zeuk egin ditzakezu zure kontzertuak, zure diskoak, emanaldiak. Oihartzun asko edo gutxi izan, lanbide bezala baloratuta dago, eta horren arabera jasotzen duzu zure Gizarte Segurantza. Hemen, ez dago lanbide bezala zehaztuta. Hor dago lehen arazoa.
Irakasle izan behar, beraz.
Musikaren inguruan bizi garen gehienok klaseekin edo beste lanen batekin txandakatu beharra daukagu. Denbora asko kentzen du, berez sartuko zinatekeen proiektu askotan sartzeko. Horrek ez du esan nahi egiten duzuna gogoz egiten ez duzunik.
Zer proiektu dituzu eskuetan?
Tenporak taldean nabil, jazz-pop taldean. Disko bat grabatu genuen, eta orain bigarrena prestatzen ari gara. Udan grabatzeko asmoa daukagu. Beste alde batetik, Drindotsekin berbena munduan. Orain dela lau urte sartu nintzen. Arlo hori ere ezagutu dut. Beti izan diet errespetu handia berbena-musikariei, musikari handiak ibili izan direlako Euskal Herriko eszenan. Nire burua ez nuen hor ikusten, baina hain giro ona eta hain musikari onekin inguratuta nago, ezen beste lanbide bat bihurtu da. Gustura gabiltza. Bestetik, musikari profesional bezala, diskoak grabatzen hemen eta han, jende askorentzat, estudioko musikari bezala.
Eta zeure uzta, nola doa?
Nire abestiak badauzkat, etxean gitarra akustikoarekin eginda, ahots batzuekin, folk eta jazz arteko nahasketak… Hor ari naiz ikertzen, ea zer eskain dezakedan Beñat Barandiaran bezala, musikari bakarlari bezala. Abestiak pixkanaka grabatzeko asmoa daukat.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.