Ordiziako BiziEkin taldearen sorreratik bildutako argazkiek osatzen dute 'Biziekin errefuxioatuekin' erakusketa. Ostiralera arte egongo da ikusgai Barrenan
Ordiziako BiziEkin taldeak antolatuta,
Biziekin errefuxiatuekin izenburupean, argazki erakusketa dago ikusgai, Barrena kultur etxeko sarreran. BiziEkin taldearen sorreratik gaur arteko argazki bildumak osatzen du. Erakusketa, ostiralera arte egongo da ikusgai.
BiziEkin taldea Siriako errefuxiatuei laguntzeko asmoarekin sortu zenetik, hainbat ekintza burutu dituzte; pasa den urteko uztailaren 2an Ordiziako Plaza Nagusian, material bilketa egin zuten. Uda aldera, taldeko hainbat kide, Grezian dauden errefuxiatuen egoerarekin kezkatuta, han izan ziren, ahal zen guztian laguntzeko asmoarekin.
Barrena kultur etxean jarrita dagoen erakusketan ibilbide honetan ateratako argazkiak ikusi ahal izango dituzte herritarrek. BiziEkinek orain arte egindako lanaren erakusleihoa da, hain zuzen.
Taldearen sorrera
Pasa den urteko maiatza inguruan sortu eta ekainean aurkeztu zuten BiziEkin Ordizian. Telebista piztu eta errefuxiatuen irudiek gogor hunkitu eta frustratu zituzten Idoia Caballero eta Rosa Agundez. Elkarrekin, udan Greziara bidaiatu eta bertan dauden errefuxiatuei laguntzeko ideiari forma ematen hasi ziren. Horrela sortu zuten taldea: «Barnean zerbait mugitu eta ekin beharra geneukala sentitu nuen», azaldu du Caballerok. Errefuxiatuen gaia gizartearen mahai gainean dago eta gatazkaren aurrean «eskuak gurutzatuta gelditzea ez da aukera bat izan taldeko kideentzat. eta inguruko lagun asko gehitu ziren gure kausara».