Gaztaren hilabetean sartu garen honetan, Peruko jakien eskaintza zabala izan da plaza inguruan hango kaltetuen alde.
Askotan aipatu izan dugu nahikoa dela begiak zabalik ibiltzea merkatutan, egutegi beharrik gabe, urteko zein sasoitan gauden jakiteko. Igandean Erramu eguna izango da eta horren adierazle, azokan, tradizioari eutsiz, erramu adarrak ziren salgai 0,5 eta 3 euro artean. Bezeroei opari emateko ere postu askotan ikus zitezkeen.
Gaztaren hilabetean sartu gara. Hilaren 19an izango den Artzain egunean aurkeztuko da ofizialki eskuz egindako ardi gaztaren denboraldia. Aurrez ia gazta berria salgai izaten da merkatuan eta hilabete honetan protagonismo berezia eman ohi zaio. Urte guztian oso eskaintza zabala izaten da, edozein gaztazale asetzeko adinakoa. Atzo propio hilabeteko produktuak hartu ohi duen txoko horretan Juan Ramon Lizarragak Leitzako (Nafarroa) Gorritz gazta zuen salgai, 17,5 euroan kiloa.
Udaberriko zizekin lotuta bi salto nabarmen: koxka bat gora kopuruak, koxka bat behera prezioak. 40 kilo zeuden Lasaren postuan, kiloa 80 eta 95 euro artean salgai. Ezin esan oraindik prezioa merke denik, baina bai urruntzen ari dela hasierako 160 euroko hura. Kanpoko 20 kilo onddo ere baziren, kiloa 20 eta 34 euro artean.
Ilarrak, lekan eta aletuta
Barazki berririk ez da agertu aste honetan. Patata berria gaurko egunez ekartzen hasi ziren 2006an, baina aurten oraindik inork ez digu esan laster ekartzeko moduan izango duenik. Hazitarako patata salgai da Aguraingo Jabier Lacalleren postuan eta lan horiei ekiteko garaian gaude. Ilar kopurua ere ez da nabarmen hazi, Maite Jauregi anoetarrak lekan ez ezik (12 euroan kiloa), aletua ere badu (14 €). Poltsatxo horietako bat pisatu zuen Maitek gure aurrean eta jangarria den ale sortak 310 gramo zituen leka kiloko. Garestia dirudien arren, horrek berarekin daramatzan lan ordu guztiak kontatuz gero atera behar kontuak!
Bestalde udaletxe aurrean perutar talde batek Peruko hainbat jaki prestatu eskaintzen zituen, bertan jateko edota etxera eramateko, borondatearen truke. Caritas eta udalaren babesean aurrera daramaten ekimen hori,
El Niño ekaitzak eragindako hondamendian kaltetutakoei laguntzeko da.