Urtean zehar merkataritzan hiru kanpaina burutzea adostu dute. Iazko ekimenen balorazio ona egin dute bi aldeek. Ekonomia sustatu eta herria girotu nahi dute, hitzarmenean jasotakoekin
Lazkaoko Udalak eta herriko merkatarien Lazkaon elkarteak lankidetza hitzarmenari segimena emango diote. Iaz hasitako bidean aurrera jarraitzea erabaki dute. Herenegun eguerdian berritu zuten ituna Felix Urkola alkateak eta Lazkaoneko lehendakari Nagore Izagirrek, udaletxean, akordioa berritzekoa.
Hitzarmena berrituta, 2017. urteko merkataritzako ekintza plana ere zehaztuta gelditu da. Aurtengo urtean zehar, hiru kanpaina burutuko dituzte bi erakundeek. Lehenengoa martxan da —erosketa bonuena—. Hurrena,
Aisiaz gozatu Lazkaon ekimena iritsiko da, eta Eguberrietan erakusleiho lehiaketa burutuko dute.
Ekonomia eta kale giroa
«Elkarlan honetatik sortutako ekimenek harrera ona izan zuten iaz. Herritarrek eta merkatariek balorazio oso ona egin zuten», azaldu dute eragileek, hitzarmenaren sinaduran.
Lankidetzaren helburu bat ekonomia indartzea da. «Dendek eta zerbitzuek udalerriaren garapenean duten garrantzia kontuan hartuta, bi aldeen elkarlana bulzatu nahi du udalak», adierazi du alkateak. Bestetik, «merkataritza dagoen tokian bizia» dagoela eta, herria girotzea da beste helburu bat.
Lazkaoko merkataritza indartzeko, hitzarmena eta elkarlana «aurrerapausoa» direla ziurtatu dute udaleko eta Lazkaon elkarteko ordezkariek.