Zaldibian Osinberde sariketa jokatuko da, bihar, Osinalderako azken saio baliagarria. Gipuzkoako Herriarteko azken probak dituzte Simimimisol eta Osinalde taldeek
Bertsolari gazteek jarduera handiko asteburua izango dute, Goierriren luze-zabalean, gaurtik igandera. Bi txapelketatako hiru saio izango dira, hiru egunean. Erabakigarriak, hirurak.
Zaldibian, bihar gauean V. Osinberde saria jokatuko dute, sei bertsolarik. Aztiri eta Argi-Berri sarien ondotik, Osinalde sariketaren saileko hirugarrena da, sailkapenerako azkena.
Afaria 20:30ean hasiko da, Zaldibiako Osinberde kultur elkartean (Joxepane ostatua). Atzo oraindik bost-bat txartel geratzen ziren salgai. Beraz, jangela beteko da, 60 bat afaltiarrekin.
Bertso saioa 22:30a aldera hastea da asmoa. Entzutera joan nahi dutenek sarrera libre izango dute.
Ane Beloki debutatzailea
Osinalderen aurreko sariketa sailean lehenengo aldiz kantatuko du Ane Beloki legazpiarrak, bihar, Zaldibian. Bera da seikoteko goierritar bakarra. Eskolarteko adinean dago oraindik —1999an jaioa da—, eta igandean Gipuzkoako finalean aritu zen.
Seikotean, iaz Osinaldera iritsi eta paper txukuna egindako bi izango ditu, besteak beste: Unai Mendizabal —Osinberde saria berak irabazi zuen iaz—, eta Jon Gurrutxaga.
Epaileek puntuazioz aukeratuko dituzte Osinaldera sailkatuko diren bi bertsolariak. Horietako lehenengoari emango diote Osinberde saria. Entzuleen gustukoenaren beste sari bat bada.
Gabirian eta Urretxun
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, berriz, bi saio izango dira asteburuan, eta bietan Gabiriako Osinalde taldea jardungo da. Gaur, Gabirian, Orioko Sarri Nahi Genuen eta Habana Etorri Zaigu hirukoa hartuko dute, afariaren (21:00) ondoren.
Igandean, 3. multzo berean, goierritarren arteko derbia izango da, Urretxuko Osaba tabernan (20:30). Simimimisol eta Osinalde ariko dira, parez pare.
ASTEBURUKO SAIOAK
V. Osinberde Saria
· Non. Zaldibia, Osinberde elkartea.
· Noiz. Bihar, 20:30ean afaria eta 22:30a aldera saioa (sarrera libre)
· Lehiaketa. Osinalde sarirako 3. eta azken proba baliagarria.
· Bertsotan. Ane Beloki (Legazpi), Aitor Bizkarra (Abadiño), Mikel Retozala (Axpe), Jon Gurrutxaga (Azpeitia), Unai Mendizabal (Zizurkil), Peru Abarrategi (Aramaio).
Herriartekoa
· Gaur. Gabiriako Osinalde elkartean, 21:00etan. Bertso-afaria. Osinalde: Endika Igartzabal, Gorka Maiz, Aratz Igartzabal. Orioko Sarri Nahi Genuen: Xabier Sukia, Rosi Lazkano, Imanol Lizarazu, Egoitz Eizagirre (3 ariko dira).
· Igandean. Urretxuko Osaba tabernan, 20:30ean. Saioa. Simimimisol: Gorka Azkarate, Maialen Akizu, Mikel Iturriotz eta Uxue Fernandez (3); eta Osinalde taldea (E. Igartzabal, Maiz, A. Igartzabal).