Irakurzaletasunari saria
Udal bibliotekak sari berezia eman dio Aita Menni Fundazioko taldeari. Benito Llamasek irakurle zaharrenarena jaso du, Intizar Ul Hassanek gazteena eta Laura Dominguezek haurrenaIrakurzaletasuna saritzeko eta udal bibliotekako mailegutza zerbitzuaren e...
Udal bibliotekak sari berezia eman dio Aita Menni Fundazioko taldeari. Benito Llamasek irakurle zaharrenarena jaso du, Intizar Ul Hassanek gazteena eta Laura Dominguezek haurrena
Irakurzaletasuna saritzeko eta udal bibliotekako mailegutza zerbitzuaren erabilpena bultzatzeko helburuarekin, irakurlerik sutsuenak saritu nahi izan ditu aurten ere Beasaingo Udal Bibliotekak. Atzo egin zituzten sari banaketa ekitaldiak.Goizean, Aita Menni Fundazioko irakurleek jaso zuten saria: «Orain dela zortzi urtez geroztik, ostegunero etortzen baitira udal bibliotekara. Talde hau osatzen dutenek, bertan irakurtzen egoteaz gain, egoitzara eramateko hainbat material ere hartzen dute mailuan». Arratsaldean, berriz, beste hiru irakurlek jaso zuten saria: irakurle zaharrenarena, 94 urteko Benito Llamasentzat izan zen; gazteen arlokoa Intizar Ul Hassanentzat, eta haurren atalekoa, 4 urteko Laura Dominguezentzat.
Saritu guztiek 30 euroko opari txartela jaso dute, Mirentxu liburu dendan gastatzeko.
‘Irakurri, gozatu, oparitu’
Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren barruan kokatzen da udal bibliotekaren egitasmoa; maiatzaren 31ra arte luzatuko da kanpaina hain zuzen ere. Euskarazko irakurzaletasuna bultzatzea da bere helburua. Hiru urrats jarraitu behar dira oparia eskuratzeko. Lehenik eta behin, udal bibliotekan mailegatutako euskarazko liburua irakurri behar da; liburuaz gozatu ondoren, liburuari buruzko fitxa bat bete beharko da; eta ordainetan, erosketarako %35eko deskontu txartela jasoko dute irakurleek opari, Mirentxu liburu dendan liburua erosteko. Horrekin batera, hilabeteko parte hartzaileen artean, 30 euroko erosketa txekea zozkatuko da udal liburutegian.