Ezkiaga auzoan eraikitako bi igogailu publikoak neguan 07:00etatik 23:00etara eta udan 07:00etatik 24:00etara izango dira erabilgarri. Auzoko irisgarritasuna hobetzea dute helburua loinaz agirre
Auzotarren urteetako eskariari erantzunez, Ezkiaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin eraiki dituzten bi igogailuak martxan dira dagoeneko. Egunez egongo dira erabilgarri: neguan, 07:00etatik 23:00etara egongo dira eta udan, 07:00etatik 24:00etan.
Oriako pasealekua eta Mariarats kaleak lotzen dituena izan zen funtzionamenduan jartzen lehena. Construcciones Artzamendi S.A. enpresak egin ditu lanak, hiru hilabeteko epean; 76.277,07 euroko aurrekontua izan du. Ezkierdi pilotalekuaren egituran dago txertatuta igogailu berria.
Aurreko legealdian, 2014an, Ezkiaga auzoan 120.000 euro zertan inbertitu hautatzeko egindako parte hartze prozesuan erabakitako eskaera izan zen. Dena den, lehenengo proiektu hark aldaketak izan zituen legealdi aldaketarekin: «Lehen proiektuan, bertako lur eremua desjabetzea zekarren berarekin eta bertatik pasatzen ziren ur, gas eta elektrizitate zerbitzuak zirela eta, aurkako txostena jaso zuen», dio udalaren oharrak. Proiektua berrikusi eta «kokapenean aldaketa txiki batzuk egin ondoren, onespen tekniko guztiak jasota bigarren proiektua aurkeztu zien egungo udal gobernuak auzotarrei hauen adostasuna ere jasoz», gaineratu du.
Bigarren igogailua, J.M. Iturriotz eta Zazpiturrieta kaleak lotuko dituena, ere martxan jarri dute egunotan. Otegui Gaztañaga enpresak egin ditu igogailuaren eta urbanizazio osagarrien lanak bost hilabetean (362.775,81 euro). Legealdi aldaketarekin, bigarren proiektu horrek ere, aldaketak izan zituen hasierako Olarango proiektutik.
Jaurlaritzaren laguntza
Udalak Jaurlaritzaren diru laguntzetan aurkeztutako eskaerak onespena jaso du; 2016an, 2017an eta 2018ra, 123.344,03 euro jasoko ditu bi lanengatik.