Iletegia: bizi proiektu bat

Artilea gaur egun baliorik ez duen lehengaia da. Artzainek bota edo oso prezio baxuetan saltzen dute. Saran, Iletegia proiektua sortu dute, artilea erabiliz koltxoiak eta edredoiak egiten dituzte.

Gipuzkoako_Artzain_Eguna_L

Uda beteko egun sargoria da. Baserriko etxekoandreak zapia jarri du buruan eguzkiarengandik babesteko.  Lana dauka kanpoan. Artilez egindako koltxoiak askatu, eta aireztatzen jarri ditu eguzkipean. Tarteka makil bat bi eskuekin irmo heldu, eta kolpeka harrotu du gorputzaren pisuaren eraginez zapalduta gelditu den artilea. Orain hogeitaka urte Goierriko baserri eta txoko askotan errepikatuko zen pasartea da hau, askok oraindik nostalgiaz gogoratuko dutena. Iraganari dagokion argazkia da, bueltatuko ez diren garaietan ainguratutakoa. Edo ez.

Modernizazioak erosotasuna ekarri du, beste zenbait faktoreren kaltetan. Artilearen balioaz ohartuta, Aitor Zubillaga Saran (Lapurdi) bizi den legazpiarrak eta Aña Andiazabal bazkideak Iletegia proiektua jarri zuten martxan 2014an. Artilea lehengai bezala erabiliz koltxoiak, edredoiak, kuxinak eta burkoak egiten dituzte. Garai batekoak bezalakoak, baina gaur egunera egokituta.

Beste lan batzuetan aritu eta gero, Zubillagak enpresa propioa irekitzeko ametsa zuen, baina ez zekien ondo zeri heldu. Horretan zebilela, Sarako laborari batek, Joana Urbistondok, baserrietan artilea bota egiten zela eta horrekin zerbait egin zitekeela esan zion. «Hasieran ez nuen fede handiegirik, baina informazioa bilatzea erabaki nuen», kontatu du Zubillagak. Hala jakin zuen, Frantzian bazegoela artilearekin zenbait produktu ekoizteko ohitura. Orduan hasi zen Iletegiaren proiektua forma hartzen Zubillagaren buruan. «Bakarrik ezingo nuela aurrera egin ohartu nintzen. Aña ezagutu nuen orduan, eta nire ideiaren berri eman nion», gogoratu du.

Lehen urratsa, formazioa
Iletegia_proeiktua__artileAndiazabal langabezian zegoen garai hartan. «Ez nekien ondo zer egin nahi nuen, baina ideia proposatu eta segituan eman nion baiezkoa», azaldu du. Interneten informazioa bildu eta gero Ardechera joan ziren. «Bertan artilea lantzen duten kooperatiba batean izan ginen, beraien esperientzia gertutik ezagutzeko», diote. Formazioak ere egin dituzte Bordele inguruan, beren proiektua martxan jarri aurretik.

2014an egin zen errealitate Iletegia proiektua. «Momentuz koltxoiak eta edredoiak egiten ditugu, batez ere», azaldu du Zubillagak. Prozesu guztia beraiek gainbegiratzen eta egiten dute. «Artilea kalitate zentzu batekin aukeratzen dugu. Biologikoan ari diren edo kalitatezko marka bat duten artaldeak aukeratzen ditugu», argitu dute. Baserrietan artilea mozten duten egunean bertan joaten dira bertara. «Artilea bereiztea da lehendabiziko lana, artile zikinenak, itsusienak momentuz bota egiten ditugu eta gainontzekoak zakuetan batu».

Bildutako artilea Auverniara bidaltzen dute garbitzera. «Garai batean bazen Saran artilea garbitzeko toki bat, Iletegia deiturikoa. Hortik gure izena», adierazi du Zubillagak. Xaboi biodegradagarriarekin garbitzen dute artilea. Behin garbiketa lanak amaituta, «artilea harrotu egin behar da», azaldu du Andiazabalek. Alsaziatik horretarako propio ekarritako makina batean egiten dute lan hori: «Orratz txikiz hornitutako orrazte zilindroak ditu makinak. Artile guztia zentzu berean jartzen du, eta hortik fin-fin ateratzen da». Beste zilindro bat erantsita, orraztutako artilea lotuz joaten dira, napatuz, nahi den lodiera eman arte. Napa deitzen zaio lortutako geruza horri.

Iletegia_proiektua(1)Ardi arraza bakoitzaren artilearen ezaugarriak ikusita, manexa eta ardi latxaren artilea erabiltzen dute Iletegian. «Manexaren berezitasunak ardi latxaren oso antzekoak dira. Ilea luzea da eta ez da kizkurra. Luzea denez, hari gogorragoa egin daiteke, eta iraunkorragoa da» Zubillagaren hitzetan. Baina baditu desabantailak ere. «Ardi arraza hauen ileak, badu ile hil bat, eta ondorioz gorputzarekin kontaktuan pikatu egiten du. Arropa egiteko adibidez, ez da lehengai ona».

Koltxoien kasuan, harrotutako artilea jartzen dute erdian, eta napatutako geruzaz estaltzen dute gainaldean eta behealdean, pikatu ez dezan. Bai koltxoiak, eta baita edredoiak ere kotoizko ehunez amaitzen dituzte, «hori da lanik neketsuena, dena eskuz josten baitugu», argitu du. Prozesu guztia «koherentziaz» egiten saiatzen dira, artilea lehengai naturala izanik, azkeneko produktua, eta prozesua bera, naturaltasunez egiten saiatzen dira, lehengaiak bere horretan mantenduz.

Hasi berriak diren arren, etorkizuna ilusioz begitantzen dute. «Gustura gaude, hasierako erantzuna oso ona izan da», diote. Aurrera begira ekoizpena egonkortzea da dute helburu nagusiena. «Makina berriak ekarri nahi ditugu, koltxoiak eta edredoiak egiteko denbora murriztu eta gehiago ekoitzi ahal izateko». Orain, bi egun inguru behar izaten dute koltxoi  bat egiteko, eta beste horrenbeste edredoiekin. Makina berriekin «edredoi bat lau ordutan egin ahal izango dugu, eta koltxoi bat zortzi ordutan», zehaztu du Zubillagak. Aldea, nabarmena da.

Captura de pantalla 2017-04-19 a la(s) 16.22.27Biek hala biek, ez dute zalantzarik egiten artilea «izugarrizko ondarea» dela esaterako orduan. Egiten dituzten produktuek, egun merkatuan daudenekin zerikusirik ez dutela baieztatzen dute. «Artilezko koltxoiak, gaur egungo sintetikoak baino naturalagoak dira», diote. Ondorioz, gorputzaren beharrak gehiago errespetatzen dituzte eta hobe egokitzen dira erabiltzaile bakoitzaren beharretara. Edredoien kasuan, eta kontrakoa dirudien arren, «oso arinak dira, hori probatzen duenak beste sentsazio bat izango du, konforta handiagoa da», nabarmendu dute.  Koltxoiak 850 euro inguruan saltzen dituzte, eta edredoiak 350 eurotan.  Oraingoz, Facebook bitartez jarri daiteke Iletegiarekin harremanetan.

Proiektu bat baino gehiago
Iletegia bizitza proiektu bat da Zubillagarentzat eta Andiazabalentzat. Baina ez hori bakarrik. Artilea, gaur egun gutxietsitako lehengaia, berriz ere balioan jartzea ere bada beren helburuetako bat. «Gure lantegiaz gain, elkarte bat ere sortu dugu baserritarrekin elkarlanean, Euskal Artilea izenekoa», azaldu dute. Ideia nagusiena, guztien artean bertako artilea balioan jartzea da.

Iparraldeko baserritarrekin hasi dira, baina dagoeneko harremanetan jarriak dira Bizkaiko Mutur Beltz elkartearekin ere. Gipuzkoan latxa ardiarekin dabiltzan baserritarrekin ere gauza bera egitea gustatuko litzaieke. «Gaur egun artilea bota edo oparitu egiten da leku gehienetan», zehaztu dute. Kasu askotan ilea mozteak berak, ondoren artilea saltzen ateratzen dena baino gehiago balio du. Zentzu horretan, Zubillagak eta Andiazabalek argi dute, «artzainei ardi moztaileak hartzen duen dirua berriz ere bueltatzea da gure asmoa». Horregatik, ardi bakoitzeko 1,10 euro ordaintzea dela bidezkoena ondorioztatu dute: «Ardi batek bi kilo artile ematen ditu batez beste, baina bereizi, garbitu eta harrotu eta gero kilo batean gelditzen da», argitu dute.

Uda beteko egun sargoriak lantegi bihurtu dira. Etxekoandrearen makila, artilea orraztu eta harrotzeko makina. Garai batean, baserriz baserri koltxoi konpontzen aritzen zirenen lanbidea desagertu da, baina iragana, forma ezberdinetan bada ere, beti bueltatzen da.

Artilea baliorik ez duen lehengaia da gaur egun

Iletegia__Aitor_ZubillagaArtilea, garai batean ez bezala, oso balio gutxi duen lehengaia da gaur egun. Baieztapen honekin bat datoz Ines Argarate, Legazpiko Makatza baserriko artzaina, eta mendiko gazta egiten duen Joseba Intsausti artzain ordiziarra. Biek hala biek, artilea bota edo ia oparitu egiten dutela esan dute.

Argarate bera, artilezko koltxoietan lo egindakoa da. «Garai batean oso normala zen, baserri gehienetan zeuden artilez egindako koltxoiak», dio. Artilearekin arropa ere egiten zela gogoratzen du, «jertseak eta horrelakoak». Gaur egun, ordea, ardien ileak ez du «ezer balio». Azken hiru urteetan Makatzako ardien ilea saldu egin dutela azaldu du Argaratek, baina ez da beti horrela izan; «Garbigunera ere bota behar izan dugu batzuetan». Aurten, 250 buruko artaldearen ileagatik 50 euro ordaindu dietela ere zehaztu du.

Intsaustik aurten ere saldu du bere artilea, «ia oparitu», esan duenez. «1.000 kilo pasatxo artilegatik 21 euro ordaindu didate», zehaztu du. Artileak gaur egun ez duela ezer balio uste du Intsaustik, «frustragarria da oso, ilea moztea kostatzen denarekin!», kexu da.

Artilearen balioak behera
Garai batean, ordea, artileak beste balio bat zuen. Intsaustik dioenez, «baserri askotan ardiak artileagatik bakarrik hazten zituzten. Garai haietan ardia jetzi beharrik ez zegoen, errentagarritasuna ileak berak ematen baitzuen». Argaratek ere gauza bera dio: «Gaztea nintzela bazen Zegaman urteko ardien ilearekin irabazitakoarekin pisua erosi zuela esaten zuenik ere».

Iletegiaren proiektua aipatuta, biek ere poza hartu dute, gaur egun apenas erabilerarik ez duen lehengai bati irteera eman dakiokeelako. Baina ez dira oso baikorrak etorkizunari begira. «Askotan entzun ditugu horrelakoak, Bizkaia aldean bazen artilea eraikuntzarako isolatzaile bezala erabiltzen hasi zen enpresa bat, baina ez zuen fruiturik eman», dio Argaratek.

Artzain bezala artileari etekina ateratzea gustatuko litzaiokeela dio Intsaustik, baina ideia hauek gero ezerezean gelditzen direla uste du. «Iaz belar bolak lotzeko artilezko sokak egiteko ideia bolo-bolo ibili zen, baina ez zuen aurrera egin».

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend