Datorren larunbatean izango da Euskal Herria plazatik abiatuta. Legazpiko Gazte Asanbladak antolatu du. Bi hitzaldi antolatu dituzte igoeraren harira hilaren 25erako eta 27rako Gaztetxean
Korostiko III. Igoera bertikalari ezaugarri berria atxiki diote aurtengoan: lasterkariek binaka egin beharko dute igoera Korostiko gaina jo arte. Bikoterik aurkitzen ez duenak bakarka egin ahalko duela adierazi dute, halere, antolatzaileek. Igoera datorren larunbatean, hilak 22, izango da Legazpin.
Euskal Herria plazatik abiatuko dira parte hartzaileak 11:00etan eta
Mataburros izeneko bidetik igoko dira Korosti mendiko gailurreraino. Izena egunean bertan eman beharko dute lasterkariek. Izen-ematea 10:00etan irekiko dute 10:30a arte; bost euro ordaindu beharko dira.
Aurtengo beste berritasun bat da ez dela sailkapenik egongo, ezta sari banaketarik ere. Antolatzaileek korrikalarien denborak hartuko dituzte, baina nork bere jakin-mina asetzeko baino ez dituzte hartuko. Lasterketan zehar anoa-postuak egongo dira lasterkariek likidoak zein solidoak har ditzaten.
Igoera Legazpiko Gazte Asanbladak antolatu du eta helburua igoera proba herrikoia izatea da. Xede horrek bultzatuta bihurtu dute aurtengoa binakako igoera. Xabier Plazaolak azaldu duenez, «edozein bikote izan daiteke aproposa proba egiteko: gurasoak eta seme-alabak, lagunak, neska-mutilak… Aukera paregabea da bikoteen artean indarrak neurtzeko eta mendiaz gozatzeko».
Gaztetxean mendi gehiago
Korostiko igoera egin ondoren pintxoak eta edatekoak banatuko dituzte Euskal Herria plazan. Herri bazkaria ere antolatu dute ondorena borobiltzeko. Hain zuzen, Gaztetxean egingo dute bazkaria.
Larunbateko igoeraren harira mendiarekin lotutako beste bi ekintza antolatu ditu Legazpiko Gazte Asanbladak. Hilaren 25ean, asteartea, Gaztetxeko Mendizaleak taldeak iaz antolatutako irteera guztien laburpen bat aurkeztuko du ikus-entzunezko batean.
Hilaren 27an, osteguna, Legazpiko eta Urretxuko gazte talde batek, iaz Peruko Andeetan egindako espedizioaren berri emango du beste ikus-entzunezko batean.
Iazko proban 32 lagunek banaka egin zuten Korostiko igoera. Imanol Intza izan zen gaina jotzen lehenengo mutila eta errekor berria ezarri zuen 22 minutu eta 35 segundoko denborarekin. Aintzine Oiarbidek, berriz, 32 minutu eta 58 segundoan osatu zuen bidea.
Plazaolak azpimarratu duenez, «aurten ez da irabazlerik ez galtzailerik egongo, saririk ere ez; sailkapena alde batera utziko dugu».