Legorretaren memoria gordetzeko argazki bilketa jarri dute martxan

Herritarren laguntza eskatu du udalak, etxean gordeta izan ditzaketen argazkiak eskatuz. Ekainera bitarte udaletxean utzi beharko dira argazkiak eta parte hartzeak saria izango du

LEGORRETAKO_HERRI_GUNEA_19

Legorretako argazki zaharren bilketa egiteko deia egin du Legorretako Udalak. Legorretaren memoria gorde eta, aldi berean, herriaren iraupena bermatzeko helburua du egitasmo horrek. Horretarako, herritarrei laguntza eskatu die udalak, etxean, belaunaldiz belaunaldi gordeta izan ditzaketen argazkiak, udalaren eskura jar ditzaten. Parte hartzeak, gainera, saria izango du. Bilketa, apirilean hasi zuten eta ekainera bitarte luzatuko da.

XX. mendeko Legorreta irudikatzen duten argazkiak biltzea da udalaren asmoa. Argazki horiek herriaren, herritarren, lanbideen eta ohituren bilakaera erakutsiko dute, XX. mendekoa hain zuzen ere.

Aurkezteko modua

Etxean argazki zaharrak dituzten herritarrek, argazki originalak udaletxeko bulegoetan aurkeztu beharko dituzte. Udal arduradunak agiri bat emango dio argazkia eraman duenari, ondorengo zehaztasunekin: utzitako argazki kopurua, argazki bakoitzaren xehetasunak eta emailearen datu pertsonalak.

Argazkiaren atzealdean edota aparteko dokumentu batean, argazki horren inguruko datuak adieraziko dira: gutxi gorabeherako data, agertzen diren pertsonen izen-abizenak, agertzen diren lekuen kokapena eta interesgarriak izan daitezkeen beste datu batzuk.

Laguntzen duten herritarren artean, zozketa egingo da. Luzatutako argazki bakoitzeko, txartel bat emango da eta sei lote zozkatuko dira.

Itzultzeko modua

Iragarritako epea igarota, eta udalak argazkiak eskaneatu eta digitalizatu bezain laster, emaileari itzuliko zaizkio. Emailearekin telefonoz edota eskatutako beste bitartekoren batez jarriko da harremanetan udala. Behin argazkiak emanda, udalak argazkiak artxibatzeko eta zaintzeko beharrezkoak diren bitartekoak jarriko ditu.

Argazkiak, Legorretako Udalak bideratutako jarduera, argitalpen, erakusketa eta beste ekitaldi batzuetarako erabiliko dira. Udal artxibategian daudenean, herritarrek bilketa osatzen duten argazki guztiak ikusteko aukera izango dute

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend