Saturdiko festa, urtean behingo juntadizo alaia
Pazko astelehenarekin ospatu dute Zaldibiako Saturdi auzoan jaia. Erromeria, bertsolariak, bazkaria eta auzotar zaharrenari eta gazteenari omenaldia egin dituzte; baita kirol proba bitxiak ere.Urtero Pazko astelehenean ospatu ohi dute Zaldibiako Saturd...
Pazko astelehenarekin ospatu dute Zaldibiako Saturdi auzoan jaia. Erromeria, bertsolariak, bazkaria eta auzotar zaharrenari eta gazteenari omenaldia egin dituzte; baita kirol proba bitxiak ere.
Urtero Pazko astelehenean ospatu ohi dute Zaldibiako Saturdi auzoan festa. San Saturnino baseliza zaharraren inguruan, herenegun ere jendetza bildu zen, eguraldi paregabearekin eta festa-giro ederrean. Eguerditik iluntzera, Aralarren isla ikusgarria parez pare zutela, hamaika gozagarri izan dute.Mezaren ondoren, Iztueta dantza taldekoek saioa egin dute. Omenaldien tartea iritsi da gero. Usadioari jarraituz, Saturdiko zaharrena omendu dute. Aurten, gizonezkoa bakarrik, 65 urtetik gorako emakumezko guztiek jasoa dutelako aitortza. Jose Manuel Zubeldiari eman diote oroigarria.
Adinekoez gain, haur bat ere omendu dute oraingoan: au-zoan azkena jaiotakoa. Elizegiko Markel Eguren Franco azaroaren lehenean munduratu zen, eta hari ere egin diote auzotarrek eta zaldibiarrek ongietorria.
Erromeria girotzen, Izer eta Alabier trikitilariak aritu dira, eta bertsotan Iñaki Murua eta Ane Labaka. Toka txapelketa Mikel Gantzarainek irabazi du.
Jokoekin desafioa
Arratsaldean, herri kirol desafioa izan da, Saturdin ohitura den bezala. Baina formatua aldatu diote aurten, baita egin beharreko ariketak ere.
Saturdiko gazteen eta Zeraingo herri kirolarien artean egin dute norgehiagoka. Sei gizonezko zeraindar lehiatu dira alde batean, eta zortzi zaldibiar bestean (hiru neska eta bost mutil); beteranoak batzuk, gazteagoak besteak.
Lehenbizi ardi mozten egin dute saio bat. Jarraian, korrika saio bat, ermitatik irten eta bertan bukatu. Proba berritzaileena hurrena iritsi da: belar bola bat igotzea, eta hura txikitu eta belarra ateratzea gero, nork kilo gehien.
Alde txikiagatik, baina Zeraingo taldeak irabazi du desafioa.