Legazpiko Osasun Zentroko emagina da. Mendaroko Ospitalean egindako urte gutxi batzuk salbu, 32 urte dira bertan lanean ari dela. Erditzeei eta edoskitzeari buruz aritu da.
Bokazioz al zara emagina?
Ez bereziki. Osasungintzan aritu nahi nuela jakin arren, nondik jo ez nuen argi izan espezialitatea hautatzerakoan. Erizaintza amaitzean langabezia asko ze-goen gure esparruan. Bi aukera ikusi nituen, psikiatria Gasteizen edo emagina Bilbon. Bigarrenari heldu nion prestakuntza laburragoa zelako, ez bokazio berezirik nuelako; psikiatrian ere gustura arituko nintzate-keen.
1985etik ari zara Legazpiko Osasun Zentroan. Erditzeko era asko aldatu al da urte hauetan guztietan?
Hasi nintzen garaian erditze naturalak ziren denak. Anestesia epiduralik ez zegoen. Gu halako erditzeetarako prestatzen gintuzten, emakumeen ondoan egoteko, alegia. 1992an epiduralarekin hasi ziren, urtarrilaren 30ean. Harrezkero, eraldaketa erabatekoa izan da. Emakumezko gehienek epiduralarekin erditzen dute.
Ondorioak zeintzuk izan dira?
Tresneria lagunduta egin beharreko erditze kopurua igo egin da: forzepsak, bentosak eta zesareak ere. Halako erditzeek kal-teak sor diezaiekete amari zein umeari; esate baterako, perineoko lesioak amari.
Baina epiduralak erditzera-koan mina kentzen duela esaten da.
Epiduralak min gutxiago sortzen duela esan ohi da, baina traba gehiago eragin ditzake. Erditzea prozesu bat da, naturak emanda datorrena, emakumearen barruan eraldaketa bat egon dadin. Emakumezkoa alaba izatetik ama izatera pasatzen da, identitate aldaketa bat dago eta erditzean sortzen diren hormonek horretan laguntzen dute.
Nola?
Sortzen diren hormona horiek garuneko hainbat tokitan geratzen dira eta emakumea ama izatea den erantzukizunerako prestatzen dute.
Erditze naturalaren onurak hainbeste badira, zergatik ez da hala egiten?
Emakumeoi sinestarazi digute ez garela gure kasa erditzeko gai. Oso gogorra dela esaten digute, ezingo dugula eta guk sinistu dugu nonbait.
Gizarte honetan ez gara prestatzen zailtasunei aurre egiteko. Orain gure arloan prestatzen ari diren emaginak epidurala tar-tean dela ari dira prestatzen eta gogorra egiten zaie emakumea sufritzen ikustea. Alabaina, erditzeari dagokionean hitza ez da sufritzea. Erditzea entzutea da, gorputzari kasu egitea, onartzea; sufrimendua sortzen da naturaren kontra bagoaz.
Zer esaten diozu aurreneko bisitan doan umedunari?
Lehenengo galderak egiten dizkiot: zeintzuk diren bere itxaropenak, zer pentsatzen duen… Erditzearen eraldaketen berri ematen diot eta erditzeko moduak azaldu ere bai, berak aukeratu dezan nola erdituko den eta edoskitze naturala egingo duen ala ez. Bibliografia bat ere eskaintzen diot.
Nire lana emakumearen barrenean argiak piztea da. Gerora berak bide bat edo bestea hartuko du eta errespetagarria izango da erabat.
Egiten al dira erditze-planak?
Ez da protokolo bat, baina egin daitezke eta aukera ematen da. Osakidetzan erditze naturalak babesten dira. Hainbat emakume elkartek eta Osakidetzako profesionalek bultzatutako ekimena da. Helburua erditze naturala nahi duten emakumeei laguntzea da. Bainu-ontziak eta oxido nitrosoa erabiltzen dira mina arintzeko; Zumarragako Ospitalean ere bai. Finean, erditze naturalean emakumea bere erditzearen jabea da.
Erditze eta edoskitzeari dagokienez zein da Legazpiko argazkia?
Epidurala aukera bakarra izan da urte batzuetan, baina aldaketak gertatzen ari dira. Aurten hamalau erditze egon dira eta horietatik bost epiduralik gabe-koak izan dira. Kopuru ona da. Amagandiko edoskitzeari dagokionez, datuak gero eta hobeagoak dira.
Aldaketak gauzatzen ari dira.
Gaur egun duela 30 urte baino kontzientzia gehiago dago edoskitze naturalari dagokionean, nahiz eta badiren erditzeetan eta hazkuntzan aldaketak eragin nahi dituzten emakume talde batzuk.
Emakumeok gure erditzeen protagonista izateko aukera berreskuratu behar dugu, jabetzeko edota gure ugaztun identitatearekin kontaktua sendotzeko. Ezin dugu ahaztu bizitzaren hasiera eta amaiera egiten dugun bidearen mugarri garrantzitsuenak eta intentsoenak direla.