Hori izan du atzoko feria bereziak helburu. Ohikoak, berriz, bere martxa segitu du, eta jende gutxirekin hasitakoa, feria ona gertatu da azkenik. Baratzetarako landareak izan dira nagusi.
Berezitasunak berez dituen ezaugarriekin burutu zen atzoko feria. Ikusmiran jende asko, giro paregabean Artzain egunaz gozatzera etorrita. Goizeko lehen orduan jende askorik ez eta postu huts zenbait ere bai, aparteko feria egunetan gutxi saltzen denaren aitzakian. Baina amaieran saltzaileek orokorrean bilan positiboa egin zuten; «Berandu hasi bada ere, oso ondo saldu dut» entzun genien Lizarraga harakinari edota Baez behi gazta ekoizleari. Eta horrelakoetan festaren partaide izan nahiez edo gutxitan huts egiten duen eguraldi freskoa, argia eta atsegina lagun. Ohiko lanak utzi eta hainbat artzain ere baziren Ordizian.
Marrubiak Aspanogiri
Produktuetan erreparatuz, hemengo fruten denboraldi berriari marrubiak eman diote hasiera. Joan zen astean ekarri zituen lehenak Patxi Arizmendi aramarrak, 5 euroan kiloa. Negutegikoak eta oraindik gutxi badira ere, gustuz bikainak eta bertatik bertara ekoiztu eta jateko prest ditugunak. Atzo kopuruz kilo pare bat ekarri zituen, baina preziorik gabeak, izan ere, egiten duten lanaren esker onez Aspanogi elkartekoei (Gipuzkoako haur minbizidun gurasoen elkartea) oparitu baitzien Arizmendik.
Patata berria ere hasi da, Anoe- tako Maite Jauregik kiloa 3 euroan saldu zituen lehenak joan zen astean; aste honetan gehi-xeago ziren aukeran, negutegikoak. Aldiz, aire libreko ilarrak eta babak hasi dira.
Zizak, hemengo eta kanpoko 30 kilo elkartu ziren , kiloa 40 eta 70 euro artean. 30 kilo onddo ere bai, 25 eta 35 euro artean kiloa.
Zainzurien garaian bete-betean gaude, eta Errigorakoak dira nagusi Ordizian: zuriak 5,5 eta 6,5 euro artean, eta gari-zainzuriak 4 euroan. Oraindik orburuak ere badira, 3-3,5 euroan dozena.
Txertatutako tomatea
Lana erostera etorri zenik ere bazen, izan ere landatu eta zaindu ezean, gero baratzetan ezer gutxi. Aukera handitzen ari da nabarmen landareen artean: kuia, kuiatxo, luzoker, leka, albaka… eta azpimarratzekoa, tomate txertoa. «Zuztarra
maxifort motakoa da, eta txertoa
jack tomatearena. Hala, bi adarretatik ematen dute eta berez fuertegoa da, erresistenteagoa» zioen Patxi Izagirrek. Orain bi urte saltzen hasi ziren: «Txertoa kanpoan egina da: Santanderren, Murtzian, Almerian. Tokiak bereziki horretarako prestatuak dituzte». Landatzeko garaian tomate arruntarekiko dobleko tokia utzi behar da bata eta bestearen ar-tean, zuztar beretik bi adar dituenez biren bolumena hartzen baitu, eta prezioan ere doble ordaintzen da landare bakoitza.