«Gure lurraren harri bitxia»
Jabier Arrietaren eta Urkiri Salaberriaren artzainaren omenezko irudia inauguratu dute. Luis Irizarrek ebaki du gazta berria. Santi Etxezarretak erregulartasunaren saria jaso duEguzkia lagun, jende ugari gerturatu zen atzo goizean Ordiziara, urteroko A...
Jabier Arrietaren eta Urkiri Salaberriaren artzainaren omenezko irudia inauguratu dute. Luis Irizarrek ebaki du gazta berria. Santi Etxezarretak erregulartasunaren saria jaso du
Eguzkia lagun, jende ugari gerturatu zen atzo goizean Ordiziara, urteroko Artzain Egunera. Artzainak, ardiak eta Idiazabal gazta izan ziren beste behin ere eguneko izar nagusiak. Dena den, aurten, Peru artzainak protagonismo berezia izan du; artzainaren omenez Beasainen bizi den Jabier Arrieta eskulturgile zegamarrak eta Urkiri Salaberriak egindako lan berriak. Urte bete pasako lanaren emaitza inauguratu zuten atzo.Jakes Etxeko paretan itsatsita jarri dute Peru izeneko artzaina; menditik hirira arkumea saltzera doan artzainaren irudia. Gorputza Jakes Etxeko horman dago grabatuta, eta erliebean ditu itsatsita harri landuzko besoa eta arkumea. Txapel eta apreta beltzak eta ile grisa ditu Peruk, gainerakoa zuria, karez zuritua. Kolore horiekin Oteizari keinu bat egin nahi izan diote. Peru izenarekin, berriz, harriaren sinbologia uztartu nahi izan dute: «Peru Pedro, Petrus da euskaraz, harria esan nahi du», diote bi artistek.
Buru makur irudikatu dute Peru, «apaltasuna adierazi nahi du, nola pasatzen den lehenengo sektoreko lana isilik gure gizartean, eta, berez, funtsezkoena da, gure gizartearen oinarria da». Irudiarekin arreta piztu eta hausnarketa eragin nahi dute gizartean: «Arreta deitu nahi dugu, eta irudiaren aurrean hausnarketa egitea; artea horretarako da, jendea geratzeko eta hausnartu arazteko». Plaza Nagusian dagoen Goizane emakume baserritarraren proiektuaren segida da; «hirugarrena ere bi-dean da», azaldu zuten.
Kalean 2.000 arditik gora
Peru artzainaren irudia inauguratu ondoren, eta kaleak jendez beteta zirela, lau artaldeetako 2.000 ardiak eta artzain gazteak bilakatu ziren Ordiziako kaleko izarrak, garai bateko transhumantzia gogora ekarriz. Euskal Herriko eta Espainiako komunikabide ugariren arreta ere erakarri zuten artaldeek. Udaletxeko balkoia ere txiki gelditu zen lau artaldeak ikusteko.
Izan ere, ordurako udaletxeko batzar aretoan ziren eguneko hurrengo protagonistak izango zirenak, artzainak, sukaldariak, omenduak eta erakunde desberdinetako ordezkariak. Artzaintzaren lanbideari aitortza eta Idiazabal gaztari gorazarre egin zieten Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak, Denis Itxaso diputatuak, Isabel Muela Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordeak, Xabier Arruti Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari nagusiak, eta Bittor Oroz sailburuordeak beraien hitzaldietan. Era berean, artzaintzaren etorkizuna bermatzeko, artzainen bizi eta lan baldintzak hobetzeko lan egingo dutela nabarmendu zuten.
Sarituak eta omenduak
Agintarien hitzaldien ondotik, Idiazabal Jatorri Izendapeneko erregulartasun sariak banatu zituzten. Artzain ekoizlearen saria Xanti Etxezarreta olaberritarrak jaso zuen, Ane eta Mikel seme-alabak ondoan zituela. Gaztandegia saria, berriz, azkeneko urteetan bezala, Sunbillako (Nafarroa) Lizun gaztandegiak jaso zuen. Aurtengo omendua, berriz, Niko Osinalde Goiturreko zuzendaria izan zen.
Ekitaldiaren amaierako izarra Luis Irizar sukaldari maisua izan zen. Duela 40 urte sortutako euskal sukaldaritza berria mugimenduaren erreferente nagusia da Irizar. Lehendabiziko klaseak Londresko Hilton hotelean eman bazituen ere, 1967an Zarauzko Euromar hoteleko sukaldean lehenengo euskal Gastronomia eskola sortu zuen. Gaur egun ospetsuak diren hainbat sukaldariren irakaslea izan zen, besteak beste, atzoko ekitaldian ondoan izan zituen Pedro Subijana, Karlos Argiñano eta Ramon Roteta sukaldariena.
«Oso-oso fina»
Artzain Egunaren momentu gorena etorri zen segidan: Idiazabal Gazta berriaren ebakitzearen ekitaldia. Luis Irizarrek izan zuen denboraldiko lehenengo Idiazabal Gazta ebakitzeko ohorea. Usaindu bezain laster, «oso-oso fina» hitzak atera zitzaizkion barne-barnetik, «gure lurraren harri bitxia da. Aho sabai ona dutenentzat aparteko produktua, zoragarria da». Era horretan, artzainei eskerrak eman zizkien, «produktu hau egiteagatik eta maila honetan mantentzeagatik». Jarraian, Karlos Argiñanok gazta zatiak ebaki zituen gonbidatuek dasta zezaten.
Aharien lehiaketak
Bien bitartean, herritarrek asteazkeneroko azoka bisitatzeko, Aspanogi elkartearen aldeko arkume pintxoak dastatzeko, eta artilea mozten eta ahariak ikusteko aukera izan zuten. Gazta egiteko aukera ere izan zuten Gabiriako Baztarrika gaztandegikoen laguntzaz.
Azkenik, aharien lehiaketetan, esne kontroleko ahari muturbeltzen txapelketan, Idiazabalgo Olazagibelek bi sari jaso zituen, arkumeena eta bildotsena; Olaberriko Aizpeak zaharren mailakoa jaso zuen. Errape erakusketan, ere, Aizpeak jaso zituen mutur beltzen bi sariak.