'Sombras en el tiempo' eleberri grafikoaren egilea da. Zuri beltzean, Legazpiko 1960ko hamarraldiko tokiak nahiz paisaiak agertzen dira komikian. Roa (Legazpi, 1960) Gasteizen bizi da.Zer kontatzen da zure eleberri grafikoan?Errealitatea eta fikzioa uz...
‘Sombras en el tiempo’ eleberri grafikoaren egilea da. Zuri beltzean, Legazpiko 1960ko hamarraldiko tokiak nahiz paisaiak agertzen dira komikian. Roa (Legazpi, 1960) Gasteizen bizi da.
Zer kontatzen da zure eleberri grafikoan?
Errealitatea eta fikzioa uztartu eta, irakurleek muga non zegoen ez jakitea interesatzen zitzaidan nonbait. Istorio intimista bat da, barruan neramana. Legazpin eman nuen haurtzaroa eta garai hartako pertsonaiak hartu ditut aintzat; aitak, semeak, La Salleko irakasleak… Euskal Herriko edozein herri izan zitekeen baina Legazpik indar sinboliko berezia du; mendietatik datozen errekek zizelkatutako bailara sakonak, klimaren hezetasuna, etorkin uholdeak…
1960ko hamarkada amaiera garai gogorra izan zen, baina aldi berean dena zegoen egiteko. Nik bizi izandako garaia delako interesatu zitzaidan. Kontatzeko gogoa nuen istorioa da.
Eta marrazkiak?
Zuri-beltzean aritu nintzen, kolorerik ez dago, ezta grisik ere. Niri estilo espresionista gustatzen zait eta marrazki aldetik errealismora jo nuen. Egia esan, nik nahi bezala egindako komikia da, lehentasuna eman nion zuri-beltzari nahiz eta zailtasunak biderkatzen dituen.
Legazpi agertzen dela bistan da?
Bai, zalantzarik gabe. Lantegiak, tximiniak eta paisaiak ere bai. Azalean bertan mutil talde bat agertzen da Patrizio Etxeberriaren lantegia atzean dutela. Kale Nagusia, garai hartan Kale Berria, ere agertzen da.
Natur paisaiei dagokienez, ni haurra nintzela jolasten nuen tokiak agertzen dira. Legazpik sekulako kontrasteak ditu, lantegien hormak alde batetik eta basotxo zoragarriak bestetik oso urrunera joan gabe.
Legazpira etortzen zara?
Gutxi, baina herrimina sentitzen dut noanean. Haurtzaroa han bizi izan nuen eta haurtzaroa ez da ahanzten. Nik uste dut Legazpik nire izaerarekin zerikusi handia duela.
Komikia non topatu daiteke?
Internetez Elkar, Amazon, Casa del Libro eta halakoetan eskuratu daiteke. Pena izan da hainbat arazo tarteko lana argitaratu zuen Edicions de Ponent argitaletxea desagertu, eta eleberria ez dela behar bezala banatu, ezta haren berri zabaldu ere.