Eskola garaian bullying-a pairatu zuen Zubizarretak. Gaur egun, gizartea kontzientziatzeko helburuarekin, bere kasua agertuz hitzaldiak ematen ditu eta Goierri Eskolan izan da.
Iñaki Zubizarreta saskibaloi jokalari ohiak bullying-aren inguruko hitzaldia eman zuen atzo Goierri Eskolan. Zubizarretak egun saskibaloia alboratuta du eta fisioeterapeuta da lanbidez. Eskola garaian bu- llying-a sufritu zuen eta bere kasuaz hainbatetan hitz egin du komunikabidetan emandako elkarrizketatan, besteei laguntzea duelako helburu. Goierri Eskolak Seguritate eta Ingurumenaren seigarren astearen barruan antolatutako ekintza da hau.
Zein da emandako hitzaldiaren helburu nagusia?
Gizartean bullying-aren inguruan kontzientzia zabaltzea, bullying-a ez baita joko bat. NACE elkartearekin kolaboratzen dut eta horrelako hitzaldiekin, jazarpena ikusten ari diren eta ezer egiten ez duten haiengana iritsi nahi dut batez ere; ikusi eta ixilik gelditzen diren haiengana; edota denuntziatu ez baina jipoi bat agertzen den bideo hori elkarbanatzen dutenengana; edota, besterik gabe, barre egiten dutenenengana. Jazarpenaren alde pasiboa izango litzatekeena, hain zuzen ere. Talde pasibo hori izan ohi da jendetsuena. Posizio hori utzi eta zerbait egitera animatu nahi ditut.
Zergatik egiten duzu hau?
Nik neuk eskola jazarpena jasan nuen nire azalean. 12 urterekin, ni baino zaharragoak ziren mutil talde batek jipoi itzela eman eta koman pasa nituen bi egun. Eskolak ez zuen ezer ere egin eta gaur egun ere, kasu askoren aurrean, berdin jokatzen dela ikustea ikaragarri tristea da. Ikasturte honen hasieran, Mallorcan oso antzeko kasua jasan zuen neska batek eta eskolak kasu horretan ere, ezer ere ez zuen egin. Hori ezin da onartu. Gaur egun Espainiar estatuan 2.000.000 kasu inguru daude. Gizarteak ezin du beste aldera begiratu.
Zure kasuan zerk lagundu zizun?
Eskolatik irteterakoan saskibaloian aritzen nintzen. Kirola egitea oso lagungarri izan zen niretzat pertsonalki. Saskibaloia nire lanbidea izatera iritsi zen. Horretaz gain, nik neuk nire buruari zin egin nion, inork eta ezerk ez ninduela berriz ere horrelako tratua emango, nire buruaz beste egitea ere pentsatu bainuen.
Zein izan ohi da jendearen erantzuna bullying-aren aurrean?
Umeen gauzak direla esanda eskola jazarpena justifikatu ohi du jende askok, norberaren seme-alabei gertatzen zaien arte. Orduan gauzak aldatzen dira.
Bullying-aren aurrean, irakasleen eta eskolen paperari dagokionez zer esango zenuke?
Irakaskuntza oso lanbide bokazionala dela uste dut. Batzuk, arazoa konpontzen saiatzen dira eta beste batzuk ordea, beste alde batera begiratzen dute, beraien lan orduekin betetzen dute eta hor konpon besteen arazoei. Etxetik hasita, gurasoen lana da bakoitzaren haurrak zertan ari diren jakitea eta mugak jartzea. Eta eskolak eta irakasleak ere gehiago inplikatu beharko liratekeela uste dut