Segurako Santa Barbara ermitari kanpai horma eta kanpaia jarri dizkiote auzotarrek auzolanean. 25 kilokoa da kanpaia. Maiatzaren 28an, Azintzio egunean, inauguratuko dute.
Segurako Kortaberri eta Laiotz Berri auzoetako auzotarrentzat leku kuttuna da Santa Barbara ermita. Urtero, Azintzio egunean aurten maiatzaren 28an auzoko festa ospatzen dute bertan.
Dena den, orain artean, ermita berezi samarra izan dela esan daiteke, kanpairik gabekoa zelako. Xalbador Agirreren esanetan, «Santa Barbara ermitak gure akorduan behintzat, ez du kanpairik eduki». Inguruko gainerako ermiten «pare» jartzeko, kanpaia jartzea erabaki zuten auzotarrek: «Aurreko urteetan aritzen ginen esaten, inguru hauetako ermita bakarra zela kanpairik ez zeukana. Limosnatan jasotako diru bat bagenuen eta kanpai horma egin eta kanpaia jartzea erabaki genuen».
6-7 auzotar aritu dira egunotan lanean; kanpandorre txiki bat egin diote eta harrizko bi zutabe eta arkuaren barruan jarri dute Valentziatik ekarritako 25 kiloko kanpaia. «Txikia da, polita, hots fina du», dio Agirrek.
Santa Barbarako urteroko egun handian, Azintzio egu-nean, inauguratuko dute kanpaia. «Patxi Albisuk ematen du meza eta berari utziko diogu kanpaia estrenatzeko ohorea», nabarmendu du segurarrak. Dena den, egun handirako, oraindik ere dotoreago jarri nahi dute ermita, «karearearekin zurituko dugu orain».
Aurretik egindako lan guztiak bezala, ermitan bertan bildutako diruarekin ordaindu dute kanpandorrea; 1.500 euro kostatu zaie.
Lan ugari egindakoak
Pixkanaka joan dira auzotarrak ermita konpontzen eta egokitzen. Agirrek ondo jasota eta bilduta ditu berak 8 urte zituenetik Santa Barbaran egindako obra guztiak. «1958an egin zen obra handia, nik 8 urte nituen. Harria txikitzeko makina eraman eta obra handia egin zuten gure gurasoek. Paretak berdindu zituzten, barruan hormigoia bota zuten…». Azkeneko urteetan egindako obra nagusien artean, teilatua konpontzea eta barruko habe handi bat aldatzea izan dira.
Egun handia
Auzotarrentzat egun handia izaten da Azintzio eguna, eta mimo handiz zaintzen dute Santa Barbara ermita eta ingurua. «Beti leku berezia izan da guretzat eta Azintzio eguna bera ere bai. Auzoko festa eguna egiten zen. Garai batean familiako bazkariak egiten ziren etxeetan Azintzio egunean», gogoratu du segurarrak.