Hemengo tomatea, Azkoitikoa, garaiz hasi da aurten, eta belar jangarri eta usaintsuetan sekulako aukera dago atzoz geroztik.
Giro ona lagun inoizko agudoen hasi da hemengo tomatea, Azkoitiko Kurutziakoa. «Otsailaren bigarren astean landatu genuen» zioen Joxe Mari Uzinek. Iaz garaiz hasi zela, baina aurten astebete lehenago eman diote hasiera denboraldiari, negutegian, hotzari aurre egiteko babes neurriak eta neguko eguzkia lagun.
Azken urte hauetan lortu den txertotik ateratako Jack motako tomateak dira. Momentu honetan bi aukerak daude ferian, landarea bera eta hortatik sortutako eta jateko prest dagoen tomatea, 4 euroan kiloa. Beste hainbat tomate landare ere bai. Oraintxe hasi da jendea tomatea eta piperra landatzen. Arriskua hor bada ere, eguraldiak ziurtasun gehixeago ematen baitu maiatzean sartuz geroz.
Gainerako landareetan udako gehienak prest, piper mota ugari tarteko, pipermina 10 euroan ehuneko sorta eta 12 euroan italiarra, Gernikakoa edota Najerakoa. Kale motako aza kixkur landarea aurkeztu du Montesek 0,12 euroan bakoitza.
Tipula gorria eta borraja freskoa ere prest dira euroan sorta. Oso barazki eskertua da borraja, gure lurretan berez ere erraz etortzen dena, landarea loratzen eta ondoren hazia zabaltzen utziz gero. Lore garaian erleek ere estimazio handia diote. Ezaugarri on asko ez ezik, askorentzat probetxu anitzeko barazkia da. Gero eta baba eta ilar gehiago ikusten da, eta baita patata berria ere, negutegikoa oraindik 2-3 euroan kiloa. Hemengo marrubiak 7 euroan kiloa, eta, aldiz, kiwiak zerrendatik kendu beharrean gaude.
Usain gozodun landareak
Hasi da berriz ere Azkoitiko Atxolako Unai Mujika belar usaintsu eta jangarriekin etortzen. Sekulako aukera aukeztu du, oso ezagunak batzuk ( berbena, menta belar mota ezberdinak, erromeroa, albahaka…) eta hain ikusiak ez diren beste zenbait (stevia, mendaro, estragoia, garraiska edo melisa…), 2 eta 4 euro artean daude salgai.
Eguraldia astero hizpide
Utzi berria dugun apirilean ere Aizkorri elurtua agertu zen joan zen astean azkenekoz. Horrekin beteko da esaldi zaharrak dioena: «Urriko ilberrin elurra Aizkorrin». Hala gertatu ezkero ondorengo 7 hilabetetako elur iragarpena omen. Aurten hala gertatu da, axalean izanik ere hilabetero zuritu omen du.