Ekainaren 6an, 19:00etan, udaletxean jarri dute hitzordua. Udalak berretsi du «denekin lan egiteko borondatea» duela. Udaberriko kulturaldia ere antolatu dute
Igandean legealdiko seigarren herri batzarra egin zuten Zerainen, udalak deituta; 2017ko lehenengoa. 40 lagunetik gora elkartu ziren udaletxean. Gai zerrendaren puntuetako bat, elkarbizitzarako proposamena zen. «Udalean bi urte betetzera doan udal taldeak iniziatiba hartu du eta herritarrak gonbidatu ditu herriko elkarbizitza hobetzera», adierazi du Arantza Ruiz de Larrinaga Zeraingo alkateak. Ekainaren 6rako, 19:00etan, udaletxean jarri dute hitzordua. «Denekin» lan egiteko borondatea berretsi udalak; «herriak aurrera begira, etorkizunera begira» jarri behar duela gaineratu du Larrinagak.
Elkarbizitza lantzen hastea hobetsi du udalak, «herritarren arteko harremanak hobetzea zeraindar guztientzat positiboa» delako. Horrez gain, «udalaren lehen urteko balorazioa egin zenean, herritar batzuk elkarbizitzaren gaia lantzeko premia zegoela eta, udalari iniziatiba har zezala eskatu zioten».
Norabide horretan, eta saiakera berri honetan, planteamendu «oso irekia» egin du udalak. «Ez dago ezer ere mahai gainean, paper txuri bat dago. Udalak hartzen duen konpromisoa da, batetik, parte hartzekoa, eta bestetik, behar diren baliabideak jartzeko», argitu du Ruiz de Larrinagak.
Udaberriko Kulturaldia hilaren 25era arte
Arantxa Urretabizkaia idazlea.
Larunbatean II. Segura-Zerain lasterketarekin hasiko da aurtengo?Udaberriko Kulturaldia Zerainen. Hilaren 11n, Pako Etxeberriaren hitzaldia izango da eta 12an, haurren marrazki rallya eta patata tortilla lehiaketa. San Isidro bezperan, berriz, kultur etxeko eraberritze lanak ikusi eta herri bazkaria egingo dute; hilaren 10erako erosi behar dira txartelak. Hilaren 18an Arantxa Urretabizkaia idazlearen bisita izango da. 19an, Baltasar Gallardok Musher baten esperientziak hitzaldi-tailerra egingo du. 23an Juantxo Agirrek Amaiurri buruz hitz egingo du eta 25ean, azkenik, Farapikoek genero indarkeria tailerra egingo dute.