Hurrengo lau egunetan, jaietan murgilduta ibiliko dira ezkiotarrak. Gaurtik astelehenera San Migel festak ospatuko dituzte.Txupinazoa gaur 19:00etan botako dute. Mieltxa eta Mieltxo pertsonaiak jaitsi, eta Zuhaitzaren Soinuko txalapartarien ttakunek er...
Hurrengo lau egunetan, jaietan murgilduta ibiliko dira ezkiotarrak. Gaurtik astelehenera San Migel festak ospatuko dituzte.
Txupinazoa gaur 19:00etan botako dute.
Mieltxa eta
Mieltxo pertsonaiak jaitsi, eta Zuhaitzaren Soinuko txalapartarien ttakunek erneko dituzte jaiak. Ehunzango batukadak girotuko du arratsa. Mus txapelketa jokatu (21:30), eta kontzertuak izango dira gauean, 22:30ean: Jon Gurrutxaga, Keu Agirretxea eta The Northagirres urretxuarrak.
Bihar, Goruntz taldearen dantza saioa (13:00). Toka lehiaketa, triki-poteoa eta herri bazkaria jarri dituzte, eguartean. Txartelak Argindegin erosi behar ziren.
Arratsaldean haur jolasasak (17:00), puzgarriak, txokolate-jana, eta haurren nahiz helduen karaokea antolatu dituzte; umeena 20:00etan hasiko da, eta larrirena 23:00etan. Disko jartzaileak girotuko du gaua, musikaz.
Igande goiza, VII. Izazpira Igoera mendi lasterketak hartuko du. 12:00etan hasiko da, eta 6,3 kilometro aldapatsu dira. Izena, aurrez,
Herrikrosa.eus webgunean, Argindegin edo Beasaingo Agirre dendan eman liteke (7 edo 9 euro); egun berean ere bai.
Garinen errekorra
Sariak lehenengo hiru gizon eta hiru emakumeentzat daude (150, 100 eta 50 euro). Pello Garinek 1982an jarritako errekorra (31:26 minutu) hobetzen duenarentzat sari berezia egongo da.
Astelehenean ospatuko dute San Migel eguna. Meza (12:00), trikitilariak, ipuinak (17:00) eta Aratz Igartzabal eta Aitor Salegi bertsolariak (19:00) izango dira.