Hizkuntza Errefortzu Zerbitzuaren emaitza onak ikusita, zerbitzua esleitzeko pleguak eta deialdi publikoa egitea onartu da. Ttakunen helburua haurrei euskararekin goza araztea da
Urtarrilean martxan jarri zuten Hizkuntza Errefortzu Zerbitzuak izandako arrakasta dela eta, zerbitzuari jarraipena ematea erabaki du Beasaingo Udaleko Gobernu Batzordeak. Era horretan, zerbitzua esleitzeko baldintza pleguak eta deialdi publikoa egiteko proposamenak onartu dituzte. Lasarteko Ttakun euskara elkarteak kudeatzen du oraingo zerbitzua.
Udal gobernuak Txelotxe eta Berritsu espazioetan Hizkuntza Errefortzu Zerbitzuak martxan jartzea erabaki zuen, «hizkuntzarekin zailtasunak zituzten haurrei eskolaz kanpo euskaraz hitz egiteko eta euskara hobetzeko aukera berriak eskaintzeko asmoz». Lehenengo hiru hilabeteko balantzearen arabera, zerbitzuak 180 haur hartzen ditu batez beste eta ikastetxeek «oso balorazio ona egin dute ikasleengan hobekuntza nabariak somatu baitituzte». Horretaz gain, «aurretik bi espazio horietan, Txelotxen eta Berritsun, eskaintzen zen aisialdi eskaintza aise gainditu da zerbitzu berriarekin, hilean bataz beste 14-15 erabiltzaile izaten baitzituzten», gaineratu du udal gobernuak.
Zerbitzua ekainean amaitzen da eta zerbitzuaren jarraipena bermatze aldera, esleipena bi urterako izango da beste bi urtez luzatu ahal izateko aukerarekin.
Euskararekin ondo pasa
Ttakun euskara elkartekoak ere gustura daude Beasainen martxan jarritako esperientzia pilotuarekin. Ttakuneko Joxe Pikabearen esanetan, «erdi proba bezala hasi ginen, eta oso gustura gaude emaitzarekin; uste baino ume gehiago joaten dira. Beraz, lehiaketara berriz aurkezteko asmoa daukagu». Ttakunen helburu eta filosofi nagusia «euskaraz bizi eta euskaraz gozatzea da; euskaraz dibertitu daitezkeela jakin dezatela haurrek».
Filosofia horretatik abiatuta, astean bi egunetan, ordu eta erdiko saioetan, «lehenengo etxeko lanak elkarrekin egiteko aprobetxatzen da. Bigarren zatian, haur bakoitzaren beharrak aztertu eta eragiten saiatzen da, euskara lantzeko jolas desberdinak eginez. Jolas librea nahi izaten dutenez, azkeneko ordu laurdenean jolas librean aritzen dira». Pikabeak adierazi duenez, «ez da derrigorrezkoa saio horietara joatea, baina kontuan hartzen da asistentzia».