Segurako herri antzerki taldeak 'Iragana lahar eta larrosa' antzezlana aurkeztuko du larunbatean Baratze pilotalekuan Gure Esku Dagok babestuta. Sarrerak salgai daude
Segurako herri antzerki taldea antzezlan berriarekin dator, Gure Esku Dagoren babesean:
Iragana lahar eta larrosa. Larunbatean, 21:30ean, Segurako Baratze pilotalekuan egingo dute estreinaldia. Lourdes Imazek idatzi eta zuzendu du antzezlana, eta 9 eta 70 urte arteko 15 segurarrek interpretatuko dute Goierriko herri batean kokatutako bi familiaren bizimodua. 1923 eta 1937 bitartean Euskal Herrian bizi izandako garaira egingo dute atzera, «Primo de Riveraren diktadura egon zeneko garaietatik Gerra Zibilaren hasierara eramaten gaitu», dio Lourdes Imaz zuzendariak.
Bi helburu lortu nahi dituzte antzezlanarekin: batetik, garai hartako bizimodua ezagutaraztea, eta bestetik, Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, udalerri askotan Euskal Errepublika eta autodeterminazioa aldarrikatu zirela jakinaraztea. «Behetik goraka sortu zen mugimendu indartsu hura (udal batzuen eraginez abiatuta) gaur egunerako ere adibide argi bat izan daitekeela azaldu nahi da antzezpenaren bidez; jende xehearen nahietatik abiatuz, indarrak bilduz, desberdinen arteko partaidetza bultzatuz, Euskal Herria gauzatzeko bidean pausoak emateko», dio Imazek.
Hiru zati izango ditu antzezlanak, hiru proiekziorekin lagunduta: Primo de Riveraren garaia, Bigarren Errepublika eta frankismoa. Antzezlanean parte hartuko duen haur batek adierazi bezala, «euskaldunak garai hartan gaizki, ondo eta gaizki bizi ziren; Primo de Riverarekin gaizki, Errepublikan ondo eta Frankismoarekin gaizki».
Antzezlanean kontatuko duten bezala, «Espainiako gobernuan eman ziren aldaketen ondorioz, garai hartan gizartea aztoramen handien menpe bizi zen. Eskubide guztiak ukatzen zituen Primo de Riveraren diktadura bortitz batetik Bigarren Errepublikaren esperantza eta ilusiora pasatu zen gizartea, baina azkenik dena 1936ko altxamendu faxistan amaitu zen». Testuinguru orokor haren barruan, «Bigarren Errepublika aldarrikatu zen egun berean, Jose Antonio Agirrek, beste alkate bizkaitar batzurekin batera, Euskal Errepublikaren aldarrikapena egin zuten eta Euskal Herriko hainbat udalerritan manifestuak bultzatu zituzten aldarri bera egin zezaten». Goierriko hainbat herritan atxikimendua izan zuen aldarrikapenak eta «aldarrikapen hark izan zuen atxikimendu zabala, sortu zen ilusioa eta esperantza, Espainiako behin-behineko gobernuaren eskutik jasan zituen gaitzezpena, eta abar» islatzen dira
Iragana lahar eta larrosa antzezlanean.
Karlos Gimenezen musika
Antzezlanean garaiko argazkien proiekzioak garrantzia handia izango duen bezala, musikak ere erabateko laguntza eskaini nahi du «antzezlanaren eszena desberdinei lotura jarraikor bat emateko». Horretarako, Karlos Gimenez goierritar musikariak konposatu du antzezlanerako doinua.
Eszenatokia atontzeko garaian beste segurar baten laguntza ere izan dute: Ugalde baserriko Antonio Iparragirrek gordetako etxeko tresneria erabiliko dute; «baita Zeruko Argia originala ere».
Sarrerak salgai
Sarrerak 7 euroan daude salgai (6 urtetik beherakoak 3 euro) udaletxean, liburutegian eta Ardixarran; egunean bertan, leihatilan salduko dituzte.
«Garai hura oso garrantzitsua izan zen Euskal Herriarentzat»
Lourdes Imaz (Gidoigilea eta zuzendaria)
Zergatik osatu duzue Iragana lahar eta larrosa antzezlana?
Gure Esku Dagok 2016an ekitaldia egin zuen Araman, 85 urte zirelako autodeterminazioa aldarrikatzen zuen mozioa onartu zela. Baina konturatu ginen ez genuela garai hura ezagutzen eta pena da. Gure Esku Dagok animatu eta guk lanari heldu diogu.
Garai ezezaguna izanik, ikasteko ere balio izan du, beraz.
Asko ikasi dugu denok; eskoletan ez dugu garai hura ikasi eta momentu oso inportantea izan zen?Euskal Herriarentzat. Pentsa zein loraldia egon zen kulturalki; orduko olerkariak, ordukoak ditugu Zeruko Argia, Eusko Ikaskuntza….
Zergatik laharra eta zergatik larrosa?
Iragana zer izan zen? Laharra eta larrosa. Larrosa Errepublika garaia, eta laharra Primo de Rivera eta frankismoa. Antzezlanaren ikurra arantzekin eta sasiarekin osatutako larrosa bat da.