Eguraldiak lagunduta, jende asko hurbildu da azokara, landareak erosteko asmoz batez ere. Aire libreko produktuak agertzen hasi dira
Eguraldiari konfiantza egin beharko diogula honezkero, eta horren seinale garbia atzo Ordiziako landare saltzaileen postuetan zebilen jendetzak erakusten zuen. Aspaldi ikusten ez genituen ilarak sortu ziren goizean zehar. Hala ere, «itxura beldurgarria» aipatzen zuten goizean goiz mugitu zirenek, ekaitza hizpide. «Egundoko korajea zuen zeruak goizeko 7ak alde horretan kolore urdin-beltzez; Erromako zubia ere agertu da eta a zer tximistak!» kontatu ziguten goiztiarrenek. Hala ere, feria garaian portatu da eguraldia!
Produktuetan erreparatuz, azti ibiltzeko garaian gaude, batez ere aire librekoa edo negutegi barnekoen artean aukera egitekotan. Esate baterako, aire libreko patata hasia da. Ataungo Zurutuzatarren postuan zegoen. «Eta ez da lehen astea, harrituta gaude gu bakarrak izatea aire librekoa duguna» zioten ahizpa ataundarrek. Patata eder askoa, gainera, eta merkea: kiloa 1,5 euroan. «Abenduan erein genuen eta izotz handi haietan oraindik erne gabe zegoen. Gero inda- rrean etorri da» kontatu zigun Inaxik.
Ordizian, orain arte, ikusten den gehiena negutegikoa da. Baina hotz-bero gradu gutxik diferentzia nabarmena marka dezakete. Esate baterako, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) merkatuan jadanik ikusi ditugu Azkaineko lehen piper luze eztiak (dozena 2 euroan edo kiloa 20 euroan) edota lehen kuia- txoak (kiloa 3,5 euroan), berotegikoak. Kostatik hurbil beti ere epelxeago.
Marrubien aurkezpena
Argazkia lekuko, zabor izan daitekeena batzuentzat, besteentzat otar polit askoa bihur daiteke, irudimena lagun. Atzo Aramako Arantxa Zurutuzaren postuan ikusitakoak arreta pizten zuen, esne ontzia berrerabiltzeko aterabidea: kilo erdi marrubi barnean, prest eta dotore. Beste aramar baten postuan ere, Patxi Arizmendirenean, aurki daitezke hemengoak. Kiloa 5 eta 7 euro artean zeoen.
Bestalde, txoriek jatetik libratuko diren Goierriko gereziak laster Ordizian salgai izango direnaren esperantza dugun ar-tean, Cacereseko Jertekoak edota Aragoikoak aukeran daude, 3 eta 5 euro artean kiloa, fruta saltzaileen postuetan.