Iker Irribarria bigarren buruz burukoaren bila
Buruz buruko finalerako txartela lortu du Iker Irribarriak, igan-dean, Eibarko Astelenan Beñat Rezustari 22 eta 17 irabazi eta gero. Eskuz binakako txapelketan bikote izan ziren biak, eta apirilaren 9an elkarrekin irabazi zuten txapela Bengoetxearen e...
Igandeko partidan, hasiera-hasieratik aurretik izan zen Irribarria eta hamar tantoko aldea ere atera zion uneren batean Rezustari. Aramako aurrelariak ez zuen ordura arte txapelketako partidarik galdu eta final aurrekoan ere bera izan zen nagusi, nahiz eta azken minutuetan zortzi tanto segidan egin zizkion Rezustak, bien arteko aldea txikituz. Bergarakoa ondo aritu zen finalaurrekoan, eta baita txapelketako gainontzeko partidetan ere. Azkenean, baina, Irribarriak lortu zuen garaipena eta finalerako txartela.
Aramarrak iaz irabazitako txapela defendatuko du Oinatz Bengoetxearen aurka, hilaren 28an jokatuko duten finalean. Bengoetxeak 2008an eskuz banakako txapelketa irabazi zuen eta aurtengo finalera sartzeko Mikel Urrutikoetxea kanporatu du, larunbatean jokatutako finalerdian (22-8).
Aramako pilotariarentzat, segidan jokatzen duen bigarren finala izango da; aurrekoa, Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatu zuen eta 22-13 irabazi zion Goierriko gazteak, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, maiatzaren 29an.