Eskualdeko gazteen iritzia ere jakin nahi dute beharrak aztertzeko.
Gazteen emantzipazioa bultzatzeko eta bakarrik dauden adinekoek herrian bizitzeko aukera izan dezaten, herrian etxebizitza berriak egitea aztertzen ari da Zeraingo Udala. Arantza Ruiz de Larrinaga alkateak jakinarazi duenez, «herri programan Zerainen etxebizitzak egiteko helburua jarri genuen eta abenduan heldu genion gaiari». Era horretan, herriko gazteen iritziak jaso nahi izan dituzte lehendabizi eta orain 18 eta 30 urte bitarteko eskualdeko gazteen iritzia ere jaso nahi dute: «Proiektua garatzeko garrantzitsua da eskualdeko gazteen iritzia eta asmoak ezagutzea, horregatik hurrengo galdera hauei erantzutea eskatzen diegu», nabarmendu du Ruiz de Larrinagak. Iritzi bilketa egiteko
https://goo.gl/forms/ZyrOnt5I7vV6BEvj2 loturan dagoen inkesta betetzea eskatzen du udalak.
Etxebizitza publikoak
Zeraingo Udalak gazteen emantzipazioa errazteko etxebizitza publikoak sustatu nahi ditu alokairuan. “Etxebizitzak kaskoan egin nahi ditugu, 8 bat, alokairuan. Horietako batzuk gazteen emantzipazioa laguntzeko eta besteak adineko eta beste perfilentzat (bakarrik bizi dieren pertsonak bananduak, adibidez)”, argitu du alkateak. “Apartamentuak lirateke, txikiak eta zona komun batekin harremanak, elkarrekintza eta auzolana bultzatzeko. Jabetza udalarena izango da”.
Alkateak nabarmendu duenez, herriko gazteei egindako inkestaren emaitzaren arabera, “%40ak dio lagun edo bikotekidearekin biziko litzakeela herrian, alokairua 300 eurokoa balitz”.