Beasaingo PSE-EEko zinegotzia, Santi Urdanpilleta, Pedro Sanchezen aldeko plataformako Gipuzkoako koordinatzailea da. Igandean erabakiko da PSOEren etorkizunaren norabidea.
Zeintzuk dira PSOEk bizi duen krisiaren arrazoiak?
Militantzia ez dutela ezertarako kontuan hartzen. Interes ekonomiko indartsu batzuk daude, eta gaizki izendatutako baroien gehiengoari, beraien interes pertsonalak eta aulkiak gehiago interesatzen zaizkie, militantziaren ongizatea baino. Bestetik, Pedro Sanchez Idazkari Nagusi atera zenean, Felipe Gonzalezen -eta apustua izan zen Susana Diaz hor jartzea, pentsatuz Pedro Sanchez ez zela gobernuko presidentetzarako aurkeztuko. Pedro Sanchezek autoritate golpea eman zuenean eta presidente izatea nahi zuela esan zuenean, orduan andaluziarrari [Susana Diaz] ez zitzaion interesatzen Pedro Sanchez hor egotea.
Zertan oinarritzen da Pedro Sanchezen proiektua?
Estatu mailako akordio garrantzitsu guztiak militantziarekin kontsultatuko ditu. Azken ba-tean, alderdiaren oinarria militantzia da. Urriaren 1ean, era zitalean, militantziak aukeratutako Idazkari Nagusi bat baztertzea erabaki zuten militantziarekin kontatu gabe. Hori ez da demokrazia, ez da sozialismoa eta ez da ezer ere. Hori mafia bat da, diktadura bat. Interes pertsonalak eta Ibex 35a herritarren interesen aurretik jartzen dituzte. Oraingo PSOEk bere siglen parte bat galdu du; ez da sozialista eta ez da langileria, PE-n gelditu da, partidu espainiarra. Pedro Sanchez da hori aldatu dezakeen hautagai bakarra.
XXI. mendeko alderdi bat nahi duzuela aldarrikatzen duzue.
Bai, modernizatu egin beharra dago. Ireki egin behar zaie alderdia herrietako batzordeei, militantziari… Egia da, Euskadin, berunezko urteak oso gogorrak izan direla, denok bat egiten genuen ETAri aurreko egiteko, baina eredu politikoa bazterrean utzi dugu pixka bat. Eta eredu politikoa inoiz ere ezin da bazterrean utzi, egunero mimatu behar da. Modernizatu egin behar da alderdia herritarren beharretara egokitzeko.
Igandea, tentsio handiko eguna izango da zuentzat.
Oso intentsoa izango da bai; tentsio handia dago herri batzordeetan. Beasainen, 10:00etatik 14:00etara bozkatu ahal izango da. Interbentoreei esana diegu momentu batean ere ezin dela inola ere mahaia hutsik utzi. Botoak sekretua izan behar duela bermatu nahi dugu. Gela bat egon behar da egokituta, itxia, botoa lasaitasun osoz aukeratzeko. Horrela ez bada, inpugnatu egingo dugu.
Maiatzaren 22tik aurrera zer?
Alderdi sozialistaren birsortzea. Guk ez dugu aurreikusten Pedro Sanchezek galduko duenik. Astelehenetik aurrera alderdi sozialista indartuta aterako da. Militanteei emango zaie ahotsa, militanteek helduko diete alderdi sozialistaren aginpideari. Zuzendaritza organoa besteen alde lana egiteko bokazioa dutenek osatuko dute. Eta oso garrantzitsua dena: aginte epeak transitorioak izango dira, politika ezin da ogibide izan. Ilusioa piztu behar dugu, afiliatu kopurua eta botoak igoko ditugu, berriz ere erreferente izango da alderdi sozialista; gobernurako aukera erreala izango gara.
Nola lortuko duzue hori?
Podemosik gabe hori ezin da egin, eta Kataluniako abertzalerik gabe ere ez. Kataluniako abertzaleekin ezin dugu hitz egin? Eta euskal abertzaleekin ere ez? Batzorde federalean marra gorriak jarri zitzaizkion Pedro Sanchezi: Podemosekin ez da hitz egiten, kataluniarrekin ere ez, euskal independentistekin ere ez … Zer geratzen da? Ciudadanos. Zenbakiek ez dute ematen eta nik sinesten dut Espainiaren plurina- zionalitatean. Zergatik Katalunia eta Euskadi ezin daitezke nazio izan estatu federal baten barruan? Inork ez ditzala eskuak burura eraman: Autonomia Estatutuek lehenengo artikuluan esaten dute nazioak direla. Abertzaleekin hitz egin behar da, eta akordio batera iristen saiatu.