Jolasak, puzgarriak, pintxopotea eta gazta baten zozketa egingo dituzte 11:00etatik 14:00etara. Gipuzkoako Epilepsia Elkarteko bazkideentzat psikologia zerbitzua martxan da Beasainen
Maiatzaren 24a epilepsiaren eguna da eta horren harira, Gipuzkoako Epilepsia Elkarteak antolaturiko ekintzak aurkeztu zituzten atzo goizean Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Ordizian eta Donostian burutuko dira aurtengo Epilepsia astearen inguruan antolatutako ekintzak,
Elkarrekin errezago lemapean.
Aurrenekoa, Ordiziakoa izango da, larunbatean, hilak 20. Ordiziako Plaza Nagusian, Epilepsia festa antolatu du Gipuzkoako Epilepsia Elkarteak, Ner Group-ekin elkarlanean. 11:00etan hasita, jolasak, puzgarriak, pintxopotea eta Idiazabal gazta baten zozketa egingo dituzte. Festa giroa 14:00ak arte luzatuko da.
Bigarrena, datorren asteazkenean izango da, maiatzaren 24an, Epilepsia Egunean bertan Donostiako Aquariumeko auditoriumean, 18:00etan. Bertan, elkarteko kide den Txema Pikabeak haurrei zuzendutako epilepsiari buruz idatzitako
Aura komikia aurkeztuko du.
Bestalde, jakinarazi dute Beasainen psikologia zerbitzua jarri berri dutela, «Goierri, Urola Garaia eta Tolosaldean bizi diren bazkideentzat». Horrez gain, datorren ikasturterako, Goierrin, Gipuzkoako Epilepsia Elkartearen bulego bat ireki nahi dutela ere azaldu dute.
Bizitza errealeko datuak
Epilepsia gaixotasun neurologiko kroniko bat da. Edozein pertsonari eragin diezaioke bizitzako edozein unetan, edozein izanda bere adina, sexua, zein arraza.
Osasunaren Munduko Erakundeak luzatutako datuen arabera, 50 milioi pertsonek jasaten dute mundu osoan epilepsia. Espainiar estatuan, berriz, 400.000 pertsonei eragiten die eta urtero 20.000 kasu berritik gora diagnostikatzen dira.
Euskal Autonomi Erkide-goan, Nafarroan eta Iparraldean kasuak 25.000ra iristen dira eta Gipuzkoan, aldiz, 7.100 dira gutxi gora behera.
Hori guztia kontuan hartuta, maiatzaren 24ean, Epilepsiaren Nazioarteko Egunean, «gizarte osoaren arreta» erakarri nahi dute. Izan ere, «epilepsia edozeinek jasan dezake bere bizitzako edozein momentutan».