Hotel ibilariak Goierrin egin du geldialdia
Goierriko errepepideetan ibilgailu bitxi bat ikusteko aukera izan da egunotan. Ez da kamioi bat, ez da autobus bat, hotel ibiltaria da. Alemaniako Rotel Tours etxeak bidaia ezberdinak egiteko aukera eskaintzen du, ibilgailu berezi honetan. 20-40 lagun arte garraiatu ditzake, eta autobusez bidaiatzeko ohiko aulkiez gain, logelak ere baditu atzealdean.
Gurpil gaineko hotel honen bidez, bizpahiru astetako bidaiak eskaintzen dituzte, toki ezberdinak ezagutuz. Hala, Europan, Afrikan, Asian, Ameriketan edo Australian barrena egiten dituzte ibilaldiak. Gosariak eta afariak ere bertan ematen dituzte, eta gauean, aurrez aukeratutako tokietan gelditzen da, gaua pasatzeko. Gaur goizean, Olaberriako Ihurre auzoan zegoen geldituta.
Eskaintzen dituzten dozenaka ibilbideen artean, Euskal Herritik pasatzen dena, Alemaniatik Compostelako Santiagoraino (Galiza) joaten da; 20 eguneko bidaia da eta 1.500 euro inguru kostatzen da.