Korrontzi, Oinkari eta Oin Arinekin, munduan dabilen ikuskaria Lazkaon izango da
'Korrontzi dantzan' ikuskariaren bi emanaldi egingo dituzte, bihar Arerian. Zuzeneko musika eta dantza ikuskizunean, Oin-Arinek ere parte hartuko du. Sarrerak udaletxean ari dira saltzen, aurrez
Elkarlaneko dantza eta musika ikuskizuna egingo dute, bihar, Korrontzi folk talde bizkaitarrak eta Villabonako Oinkari eta Lazkaoko Oin-Arin dantza taldeek. Lazkaoko Arerian Korrontzi dantzan saioaren bi emanaldi izango dira, 19:00etan eta 22:00etan. Bi orduko iraupena du. Sarrerak udaletxean eros daitezke, aurrez (7 euro).
Munduan barrena dabiltza Korrontzi eta Oinkari. Ekainean Txekiara joango dira, uztailean Kanadara, abuztuan Ingalaterrara eta atzera Kanadara, aza-roan Argentinara… Tartean, Lazkaon eskainiko dute saioa, herriko taldearekin batera.
«Herri batean emanaldia dugunean, bertako dantza taldeari aukera ematen diogu. Oinkariko dantza arduraduna joaten da koreografiak irakastera, edo eurenak egiten dituzte», azaldu du Oinkariko Eneko Arteagak.
Ikuskizun «dinamikoa eta polita» izango dela aurreratu du Oin-Arineko Maialen Idiakezek. «Dantza erdiak Oin-Arinek egingo ditu, beste erdiak Oinkarik, txandaka. Batzuk tradizionalak (fandangoa, arin-arina), eta beste batzuk koreografiak, geuk sortutakoak. Bi ordu iraungo du, baina arina izango da ikusleentzat, aldaketa askorekin».
Saio «berezia» Lazkaokoa
Korrontzik saio osoan joko du dantzarientzat, eta tarteka bakarrik ere ariko dira. Publikoak ere parte-hartze handia izango du. Bi musikari gonbidatu dituzte.
Oin-Arinentzat «ilusiogarria» da saioa. «Erronka polita eta aberasgarria da. Taldeko irakasleek egingo dugu dantza, 17 urtetik 25erako 22 dantzarik. Buru-belarri ari gara entseguekin. Dedikazio handia eskatzen du halako erronka batek, baina ilusioz eta gogoarekin ari gara prestatzen».
Arteagak aitortu du haientzat ere saio «berezia» izango dela biharkoa, Oinkarin dabilen eta ibili den bi dantzari lazkaotarrek ere parte hartuko dutelako.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.