Bioingeniaritza teknika erabili dute. Lur barruan burdinak sartu dituzte. Lur gaina enborrez, zuhaixkaz eta belarrez jantzi dute bertako ingurunera egokituz
Duela lau bat urte, Mutiloako meatze eremuan, erauzte gunean izandako luizia konpondu dute dagoeneko. Bioingeniaritzako teknika erabili dute horretarako, ingurunean ahalik eta inpakturik gutxiena eragiteko. Iñaki Ugalde alkateak zehaztu duenez, harrizko pareta batekin lurrari eutsi beharrean, «lurrean ikusten ez diren burdinazko pieza batzuk sartu dituzte lurrari eusteko». Lur azalean, berriz, ingurunearekin bat egiteko, belarra, sahats zuhaixkak eta enborrak jarri dituzte. «Enborrek lurrari eusten diete eta denborarekin usteldu egingo dira. Berdea geldituko da beraz. Harriak ikusi beharrean, hau dena berde-berde geratuko da», nabarmendu du Ugaldek. Urak ere bideratu dituzte: «Kanala ere egurrezkoa eta harrizkoa egin dute».
Parques y jardines Abadiano enpresak egin ditu lanak. Obraren kostua 35.574 eurokoa izan da; Eusko Jaurlaritzatik 20.580 euroko diru laguntza jaso dute, Biodibertsitate alorretik.
Ibilbide osoa osatzeko
Mutiloako historiaren parte garrantzitsua izan den meatze eremua berreskuratzen ari da Mutiloako Udala. «Denborarekin», eremu guztiak lotuko dituen ibilbide zirkularra osatzea dute helburu, seinaleen eta behatokien laguntzarekin.