Landareak eta udaberriko zizak dira bereziki jendea erakartzen dutenak; aitzaki horretan gainerako saltzaileek ere gustura daude.
Astearteko lamara handiak ez du jendea baratzeko lanetarako beldurtu. «Lurrean itzautsiak azaltzen hasi dira» ere entzun dugu, baina baratze lanetan aritu denak ongi daki: «Apaiza eta lurra emanda engainatzen dira». Atzo ere esaldiari hasiera eman orduko erantzuna laster ematen zuten.
Gereziak izan ziren atzoko nobedade estimatuena. Gabiria ingurukoak gehienak, hiru postuetan salgai ziren kiloa 3,5 eta 5 euro artean. Oso gustu oneko gerezia, itxuraz kanpotik ekartzen dutena baino txikiagoa eta gorri argiagoa. Nafarroako Etxauriko gerezia ere ekarri zuten atzo. Plaza inguruan jartzen diren postuetan eskaintzen zuten kiloa 4 euroan. Gainerakoa nagusiki Cacerestik eta Aragoitik ekarritakoa da.
Barazkietan luzokerra edo pepinoa nobedade, Aramako Patxi Arizmendik ekarrita. Negutegikoa zen, eta kiloa 2,5 euroan saltzen zuen.
Udaberriko berrienen artean, puri-purian daude baba, ilarra, patata, baratxuria, tipula…
Mikologia atala aberastu da
Orain arteko udaberriko ziza (
Calocybe gambosa) eta onddoez (
Boletus) gain, marasmio jangarria (
Marasmius oreades edo
senderuela) eta ziza horia (
Can-tharellus cibarius) aipatu behar dira. Denak aukeran ziren atzo.
Kanpokoa da ziza gehiena, hemengoa kilo pare bat besterik ez zen atzokoan. Garaiak eta gustuak udaberriko ziza bihurtzen dute izar: 400 kilo jarri ziren salgai guztira, 10 eta 40 euro artean kiloa. Jende asko horiek erostera etortzen da propio. Momentuka sortzen diren bezero multzoak horren seinale.
Afizioa ofizio bihurtuta
Hala aitortu digu saltzera lehen aldiz etorri den Maren Bravo donostiarrak. «Arbasoek Erriberan zuten eremuan amanda arbolak zeuden, haiek polinizatzeko erleak jartzeko aholkatu zigun lagun batek eta harrez gero lehentasuna haiek hartu dute». Bi ezti mota ditu mila lorea eta basokoa propoleoaz eta operkulo argizariaz gain. Amandak ere salgai zituen, kiloa 5 euroan. Eta olibondoak ere badituenez, olioa aukeran. «Lagun batek egiten du, nireak ere hari saltzen dizkiot; lehen prentsako birgina extra da, Empeltre motakoa».
Astero etortzeko asmorik ba ote duen galdetuta, «saltzen badut bai, noski» erantzun du. Beraz, ferian jende ekoizle gazteen etorkizuna eta egonkortasuna ziurtatzea gure esku dago.