Guztira 84 haurrek parte hartu dute, martxoaren 8an hasita. Finalak Segurako pilotaleku zaharrean jokatuko dituzte, bihar. Idiazabalen, eskuz berezkoen Gipuzkoako finalak izango dira
Pilotari eskainitako asteburu bete-betea dator, gaurtik igandera artekoa, Goierrin. Hiru txapelketatako partidak jokatuko dituzte lau herritan. Bi lehiaketatan finalak dituzte, bat eskualde mailakoa, eta bestea Gipuzkoako eskuzko berezkoena.
Goierriko Bost Herriren Arteko XII. Pilota Txapelketa bihar bukatuko da, Seguran. Lau mailatako finalak jokatuko dituzte. Martxoaren 20an hasi zen, eta astero herri banatan izan dira, Aizkorpeko bost herritan: Zegama, Segura, Zerain, Mutiloa eta Idiazabalen.
Segurako plazako pilotaleku zaharrean ariko dira, euririk ez bada, 17:00etan. Ondoren, finalistei garaikurra eta txapelketako pilotari guztiei domina banatuko diete. Askaria ere egingo dute.
Bost Herriren Artekoan 84 haur izan dira partaide: aurre-benjaminetan 25, benjaminen lehen urtekoak 27, bigarren urtekoak 17 eta alebinak 15. Iaztik partaidetza hazi dute, 77 neska-mutiko baitziren.
Idiazabalen, berezkoenak
Eskolarteko Txapelketako pilotari infantilak, Zaldibian.
Eskuko Berezkoen Gipuzkoako Txapelketako finalak, berriz, Idiazabalen jokatuko dira, bihar, 16:30ean, Igarondo frontoian. Hiru final izango dira.
Lehenengo, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako neska infantilak ariko dira, eskuz binaka: Loinazpe-Ataun (Perlines eta Urretarazu) eta Oianguren-Zaldibia (Mendizabal eta Olano).
Ondoren, 2. urteko alebinen finala hasiko da, berezkoen Gipuzkoako Txapelketa, banaka: Lazkaoko Lapke-ko bi pilotari dira aurrez aurre: Zubizarreta eta Irribarria.
Azken partida infantilena da, eskuz banaka: Unanue (Añorga) eta Elosegi (Ilunpe) ariko dira, buruz buru.
Ataun-Lazkao derbia gaur, Herriartekoan
Herriarteko pilota txapelketan, esku huska Goierriko derbia jokatuko da, gaur: Ataun-Lazkao. Final zortzirenetan ariko dira. Ataungo Auzoeta kiroldegian da hiru partidako jaialdia, 21:00etan hasita.
Palan, finalaurrekoak hasiko dira. Ordiziak Andoainen jokatuko du gaur (22:00). Olaberria igandean 11:00etan ariko da, herrian bertan, Debarekin. Jendeari joateko eskatu diote.