Hau da bidea
GUTUNA –Joxe Goikoetxea (Beasain)
Bidea ibilian egiten da; herria ere bai. Ibiltzen den herria saretu egiten da eta saretzen dena aberastu. Aniztasuna agerian jarriz irakurzaletasuna ikusgarri egitea zuen helburuetako bat igandeko Euskal liburuak kalera ekimenak. Irakurzaletasuna ikusgarri egitea euskara sustatuz eta herritartasuna indartuz: irakurtzen duen bizilaguna ezagutuz, irakurtzen duen lankideari literatur aholkua eskatuz, irakurtzen duen ikasleari mundu berriak erakutsiz eta irakurtzen duen gu horri plazer iturriak egarrituz.
Orain gutxi Goiberri aldizkarian irakurri diogu Jose Mari Zeberio ataundarrari batek oso harro egon behar duela egiten ari denaz. Igandean liburu bat eskuetan hartu eta kalera atera ginen guztiok geure buruarekin oso harro sentitzeko moduan gara. Partekatu genuen zer (hitzez defini ezin daitezkeenak bizi egin behar dira) eder horrek elkarrengana gerturatu gaitu eta ondoan duguna hurbil sentitzea ezinbestekoa da herri parte-hartzaile eta aktibo bat eraikitzeko.
Herritik sortzen diren dinamika ezberdinekin identifikatzen denak lortzen du herriaren historian eta istorioan protagonista izatea. Eta herritarrak batez ere hori behar du izan: bere herrian protagonista.
Ibiliak, nekatuko ez bada, oinez jarraitu behar duenez, jarrai dezagun udaberritik sormen aldarritan herria janzten.
–Joxe Goikoetxea (Beasain)