Haztegi ikastolaren 50. urtemugaren atariko ekitaldia dago gaur
Legazpiko Haztegi ikastola Kimu Berri izenarekin sortu zutela 50 urte beteko dira datorren urtean eta hasi dira jada ospakizunaren atarikoak antolatzen. Gaur, 19:00etan, Legazpiko Azokan Haztegi gertutik ekitaldia izango da.«Dagoeneko lanean ari gara ...
«Dagoeneko lanean ari gara guretako horren esanguratsua den ospakizun honek merezi duen oihartzuna izan dezan ikastola osatzen dugun ikasle, irakasle eta gurasoon artean», diote ikastolatik. Aurreko asteetan Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek hainbat grabazio eta elkarrizketa egin dizkie ikastolako komunitateko kideei, Haztegiko iragana, oraina eta geroa erakutsiko duen ikus-entzunezko bat ekoitzi asmoz.
Gaurkoa
Ekoizleek Haztegi gertutik ekitaldia antolatu dute egindako lanaren emaitza ezagutzera emateko eta dokumentala erakusteko; bide batez, gaurko ekitaldia ere grabatuko dute eta dokumentalean txertatuko dute. Ikastolako ikasleak, irakasleak eta gurasoak gonbidatuta daude gaurko ekitaldira, baita ikastolako guraso zein ikasle ohiak ere, «zuen presentzia ezinbestekoa da», esan dute ikastolatik.