'Irakurri, gozatu eta oparitu' kanpaina girotzeko, gaur ipuinak irakurriko dizkiete Maizpideko ikasle jubilatuek haurrei. Toti Martinez de Lezea eta Iker Sancho idazleak etorriko dira, hurrena
San Benito ikastolako ikasleek Txillardegiren omenez egindako irakurraldia, Lazkaoko Gerriko Elkartean.
Gerriko kultur elkarteak eta Lazkaoko beste eragile batzuek herrian bultzatzen duten Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainari astebete geratzen zaio. Maiatzaren 31 da fitxak betetzeko azkeneko eguna, eta ekainaren lehenengo astean erabili ahalko dira, beranduenera, deskontu txartelak euskarazko liburuak erosten.
Kanpaina girotzeko, literaturari eskainitako egitarau bat prestatu du Gerrikok. Gaur, 14:30etik 16:30era Maizpiden, hango ikasle jubilatuek —urtero egiten dute ikastaro berezi bat— euskal mitologiako hiru ipuin kontatuko dizkiete San Benito ikastolako LH1eko 90 bat ikasleri, bi txandatan.
«Euskara ikasle jubilatuek eta haurrek elkarri transmititzeko asko daukate. Iaz ez genuen harreman hori egin, baina aurten bai», azaldu du Gerrikoko Joxepa Madariagak.
Nur-en abenturak
Datorren astean, kanpainaren azken txanpan, bi idazle gonbidatuko dituzte. Asteartean, hilak 30, Iker Sancho lazkaotarrak
Gerrak ez du emakume aurpegirik liburua aurkeztuko du.
Hurrengo egunean, maiatzaren 31n, Toti Martinez de Lezea idazle arabarra ikastolako LH3ko haurrekin egongo da. Nur pertsonaiaren liburuez jardungo da, Lazkaoko udal liburutegian, 10:00etatik 12:30era.
Pil-pilean dago Nur saila haur literaturan, une honetan. Zinemara ere eraman dute
Nur eta herensugearen tenplua, Juanba Berasategi hil berriak ekoitzia. Ekainaren 2an aurkeztuko badute ere, aurre-estreinaldietan murgilduta dabil Martinez de Lezea sortzailea.
Azkenik, ekainaren 5ean Josu Iztuetak eta Antxon Artzak
Biziminez dokumentala aurkeztuko dute, Maizpiden. AEBetan egindako bidaia jaso dute.
Irakurzaletasunari eusten
Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina apirilean eta maiatzean garatuko da, Euskal Herrian barrena. Lazkaon orain ari dira hedatzen, apirileko opor eta festa egunen ondoren. Toti Martinez de Lezearen etorrerak asko indartuko duela kanpaina uste du Madariagak, haurrek Nur asko irakurtzen dutelako. Urtero, irakurtzeko «mugimendua» sortzen du kanpainak.
Iker Sanchok liburua Lazkaon aurkeztuko du
Arrasateko Zaitegi saria irabazi zuen, iaz, Iker Sancho idazle eta irakasle lazkaotarrak, Nobel saridunak euskaratzeko sortua. Emaitza ondu du, eta maiatzaren 30ean aurkeztuko du Svetlana Aleksievitxen (2015eko Nobel saria)
Gerrak ez du emakume aurpegirik lana, errusieratik itzulia.
Goizean Donostian egingo du aurkezpena, Elkar etxearekin; eta arratsaldean, 19:30ean, Lazkaoko Gerriko liburu dendan.
Udazkenean, Gerrikoren ‘Liluratura’ literatura-solasaldietara ere gonbidatuko dute Sancho. Abenduan, Lazkaoko Liburu eta Disko Azokan aurreko bi liburuez jardun zen.