Garai bateko bizimodua ahitzen ari da Brinkolan
'Bizi baratzea' liburuaren aurkezpena egingo du Jakoba Errekondok Brinkolako saloian etzi, 19:00etan. Arriurdin elkarteko kideek antolatu dute legazpiar guztientzat; areago, Brinkolara joateko gonbitea da.
Aizkorrin Barrena mendi martxa sortu aurretik, Brinkolako auzotarrek mendi ibilaldi bat antolatu zuten hiruzpalau urtetan. Ekintza bertan behera geratu zen eta bi urteren buruan Aizkorrin Barrena mendi martxa egiten hasi zirenean laguntzeari ekin zioten. Egun Izadi Zaleak, Armuño (Brinkolako elkarte gastronomikoa), Arriurdin eta Burdinolak antolatzen dute. Brinkolak gaur-gaurkoz zein behar dituen galdetuta, Belen Madinabeitiak oso argi dauka: «Gazteak bertan geratzea eta Legazpiko Udalak laguntzea». Balerdik Brinkolako egungo egoeraren deskribapena egin du: «Bertakoen adina gora doa eta gazteak joan egiten dira. Beste kultura batzuetako bizilagunak etortzen dira, baina ez dute auzoaren martxan parte hartzen». Balerdiren ustez, «auzoaren sarrera egoera txarrean dago, zikinkeriaz beteta, gune hori dago okerren. Baserritar jendeak bere inguruak zaindu ditu beti». Taberna bat Behar zehatzagoak ere badituzte buruan hala Madinabeitiak nola Balerdik. Tren geltokia badute eta Junetorri autobusa ere iristen da Brinkolara, «nahiz eta guk eskatutako ordutegi denak ez eskaini, aurretik baino hobeto gaude». Madinabeitiak tabernaren beharraz hitz egin du, «jende asko pasieran ibiltzen da eta taberna bat izatea itzela litzateke tarte batez Brinkolan geldialdia egiteko». Aterpetxearen egoera txarra gogora ekarri dute eta telebista kate bat baino gehiagoren seinalea ez dela auzora iristen ere esan dute. Madinabeitiak etsipena erakutsi du bere hitzetan: «Urte gutxitan guk ezagutu dugun mundua desagertu egingo da. Dena aldatzen ari da. Baserrietan geroz eta jende gutxiago geratzen ari da». Balerdi ere bat dator: «Gero eta ume gutxiago dago eta daudenak kalera eramaten dituzte jolastera». Beste Brinkola bat asmatuko ote dute? «Udal gobernuak aldatu egiten dira eta proiektuek ez dute aurrera egiten» «Pastaindik Telleriarte eta Brinkola osoari Ergoiena deitzen zioten garai batean» Joakin Balerdi (Brinkolako bizilaguna) «Urte gutxitan guk ezagutu dugun mundua desagertu egingo da» «Brinkolak zer behar duen? Gazteak bertan geratzea eta udalak laguntzea» Belen Madinabeitia (Brinkolako bizilaguna)