Mendi federazioak pistak zalantzan jarri ditu orain, patronatuko botoz bestela
Apirilean, bi pista eraikitzea aurreikusten duen 2017ko diru kontua onartu zuen federazioak. Ostegunean, 27 mendi elkartek batzarrean pista-proiektua geratzeko eta aztertzeko eskatu duteGipuzkoako Mendizale Federazioak (GMF) ostegunean egin zuen batzar...
Apirilean, bi pista eraikitzea aurreikusten duen 2017ko diru kontua onartu zuen federazioak. Ostegunean, 27 mendi elkartek batzarrean pista-proiektua geratzeko eta aztertzeko eskatu dute
Gipuzkoako Mendizale Federazioak (GMF) ostegunean egin zuen batzarrean, Aralarko pista proiektua eta etorkizunerako iragarritako obrak geratzeko eskatzea erabaki du, harik eta horien egokitasunari eta beharrari buruzko partaidetza prozesu bat eta azterketa zientifikoak eta sozioekonomikoak egiten diren arte. Herrialdeko 27 mendizale elkartek parte hartu zuten bileran, eta aurretik elkarte askok publikoki plazaratutako iritzia berretsi dute, aho batez: Aralarko pisten proiektua zalantzan, gutxienez, jartzea, egitasmo sakonago eta xehetuagoen faltan.Gipuzkoako federazioak berak, ordea, bestelako jarrera azaldu zuen apirilaren 11n egindako beste bilkura batean. Aralarko Parke Naturalaren Patronatuaren bileran 2017ko aurrekontuari onespena eman zion. Harridura eragin zuen postura horrek pisten proiektuaren aurka dauden sektoreetan, mendizale elkarteen kontrako iritzia jakina zelako aurretik, eta aurrekontuei bide berdea emateak bi pista eraikitzeko proiektua ere —bat Mankomunitatearen lurretan, Eniriotik Doniturrietara— babesten zuelako, zeharka.
Orain, erabakia txalotu egin du Aralar Bizirik plataformak, eta federazioaren batzarrean izan ziren 27 elkarteak zoriondu ditu. Mendizaleen aurkakotasun ofizialarekin, zientzialarien eta ingurumenaren babesaren aldeko komunitateei batu zaie federazioa. «Garbi geratu da Gipuzkoako Foru Aldundia eta Enirio-Aralarko Mankomunitatea Aralarren erabiltzaile batzuen mesedetan ari direla, gainontzekoak alde batera utziz», dio Aralar Bizirikek.
Federazioaren eskariak
Gipuzkoako Mendi Federazioak, 27 elkarteek adostutako txostenaren bidez, hiru eskaera nagusi egin ditu. Batetik, partaidetza prozesu bat hastea eskatu du. «Tamaina honetako esku-hartze batek dituen eraginak ezagututa, Aralarko parke naturalaren kudeaketak etorkizun bideragarria berma dezan, sektore guztien arteko partaidetza prozesu ireki bat zabaltzea eskatzen dugu». GMF parke naturalaren kontserbazioaren defentsan «parte aktibo» izango dela aurreratu dute.
Bestetik, «Aralar bezalako ingurune ahulean eta hausko- rrean» azpiegiturak jasateko zer gaitasun dagoen ikusteko «azterketa zientifiko sakona» egiteko eskatu diote aldundiari. Era berean, baita Aralarko jarduera ekonomikoen azterketa sozio-ekonomikoa ere.
Proiektuen helburuen informazio «gardenaren» premia ere nabarmendu du GMFk, «gizar-teak erabaki egokiak modu demokratikoan har ditzan». Eskatutako azterketak eta baldintzak burutu bitartean, pisten obrak eta etorkizuneko proiektuak «gelditzeko» eskatu du.