Astero agertzen dira nobedadeak garai honetan, atzo Gernika piperrak, azenarioak edota borrajak, besteak beste. Gereziaren denboraldia bete-betean dago, eta Milagrokoak iritsi dira.
Eguraldia portatu zen atzo ere, eta goizeko lainoek udaberri giro ederrari atea ireki zioten Ordiziako feriagunean. Baratzeak ere egunetik egunera emankorrago daude; egindako lanek, eguraldia eta lurra lagun, etekina bistara ateratzen dute. Hala, lehen Gernika piperra aurkeztu zuten, negutegikoa, kiloa 6 euroan. Aire libreko azenarioa ere jarri zuten salgai, sorta 1,2 euroan, baita borraja ere, sorta 0,80 euroan.
Landare postuetan mugimendu handia dago, eta udako barazki guztiak daude aukeran, mota askotakoak gainera, izan piper, tomate, uraza, kuia, kuiatxo, luzoker…
Loreei dagokionez ere goreneko momentua pasatu dela esan daiteke. Baina oraindik ere jende asko dabil azokako bi postuetan zehar. Eta gustu guztietara moldatzeko adineko aukera bada prezio, neurri, mota, kolore eta abarretan erreparatuz. Hala ere, salduenak geranioa eta huntza dira.
Gereziak nagusi frutetan
Fruten atalari begiratuz, hemengo eskaintza marrubietara eta gerezietara mugatzen da. Gereziak, Nafarroatik hasi dira Milagrokoa ere ekartzen. Kilo kopururik handiena, hala ere, Extremadura eta Aragoitik ekartzen dute.
Laranjari dagokionez, zuze-nean Valentziatik astero bere ekoizpena Ordiziara saltzera ekarri ohi duen Juan Carlos Costak adierazi digunez, bukatzear du denboraldia. Barberina mota izan da azkena. Jadanik datorren uztari begira, bitxikeri moduan zera aipatu digu: «Navel eta barberina motako laranjetan momentu berean ikus daiteke fruitua eta lore berria. Beste motak jadanik fruitua hartuta dute».
Poloniako gazteak
Ikas trukaketa dela eta, atzo Varsovia Poloniako hiriburuko gazte kuadrilla zebilen, Txindoki institutuko 15-16 urteko ikasleak lagun zituztela. Ingelesa praktikatzea helburu, «gu han izan ginen eta orain hauek gure etxeetan daude, oso ondo pasatzen dugu elkarrekin» aitortu digute Estitxu eta Elur ikasleek.