Bertakoaren loraldia
'Bertatik Bertara loratzen' egitasmoa antolatu dute bezeroak saritzeko. Gaztetxoei zuzendutako argazki lehiaketa martxan jarri dute. Tailer berezia egingo dute Igartubeiti baserrianBertatik Bertara proiektuaren barruan hilabeteetan egin duten lanari ik...
‘Bertatik Bertara loratzen’ egitasmoa antolatu dute bezeroak saritzeko. Gaztetxoei zuzendutako argazki lehiaketa martxan jarri dute. Tailer berezia egingo dute Igartubeiti baserrian
Bertatik Bertara proiektuaren barruan hilabeteetan egin duten lanari ikusgarritasuna emateko Bertatik Bertara loratzen zikloa antolatu dute. Zikloak hainbat ekintza jasotzen ditu bertako produktuak herritarrei hurbildu eta erabiltzeko ohitura hartu dezaten.Zikloaren harira, bertako produktuak erosten dituzten herritarrak saritzeko ekintza abiatu dute. Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako hamahiru dendatan 260 txartel banatu dituzte. Erosleek bertatik bertara produktuak erosten dituzten bakoitzean txartelean zigilu bat jasoko dute. Bost zigilu lortuta, bertako produktuekin osatutako bi lagunentzako bi otorduen zozketan sartuko dira. Ekainaren 3ra arte egongo da txartelak betetzeko aukera.
Gaztetxoak proiektura hurbildu nahi ditu martxan jarri duten bigarren ekintzak. Bertatik Bertara ilusioa ereiten argazki lehiaketa abiatu dute. Ekainaren 3ra bitartean, Goierri garaiko baserrien, paisaien, bertako produktuen edo animalien argazkiak igo beharko dituzte Instagramera. Argazkia @bertatikbertara etiketatu beharko da eta #bbargazkilehiaketa etiketa erabili. Irabazleak bi lagunentzako zaldi ibilaldia irabaziko du Itsasoko Ibur zalditegiaren eskutik.
Hirugarren ekintza Igartubeiti baserrian, Ezkion, burutuko dute bihar. Bertatik Bertara pi-zza tailerra egingo dute. Garaian garaiko produktuak zeintzuk diren ikasiko dute 13 urte arteko haurrek eta bertako produktuak erabilita pizza prestatuko dute.
Datozen ekintzak
Ekainean Bertatik Bertara proiektua oinarri duen animazio bideoa kaleratuko dute, «proiektuaren ildo nagusiak oso modu grafikoan eta atseginean azalduko dituena». Baserritarren produktuen promozioa ere egiteko asmoa daukate Bertatik Bertara proiektuaren kudeatzaileek eta eragile ezberdinen arteko saretze lanean jarraituko dutela ere adierazi dute, «baserritar, merkatari, ostalari eta herritarren arteko elkarlanaren bidez gizarte biziago bat lortzeko».