Galdera ikurra jarrita, itaunari erantzuteko prest
Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 10ean Bilbon egingo duen ekitaldi nagusira joateko deia egin du Goierriko taldeak. Galdera ikur handi bat osatuko dute pertsonek kaleetan, erabakitzeko prestasuna adierazteko.Goierriko Gure Esku Dagok iazko Gabon egune...
Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 10ean Bilbon egingo duen ekitaldi nagusira joateko deia egin du Goierriko taldeak. Galdera ikur handi bat osatuko dute pertsonek kaleetan, erabakitzeko prestasuna adierazteko.
Goierriko Gure Esku Dagok iazko Gabon egunean plazaratu zuen erabakitzeko eskubidearen prozesuan orain tokatzen den kontzeptua: Ametsetik sinestera. Beasaingo plazan, 200 bat lagun elkartu ziren, sei hilabete lehenago —2016ko ekainaren 5ean— eskualde osoan egin zen galdeketaren urtea nolabait borobiltzeko, eta etorkizunak nondik joko duen markatzeko.Iritsi da hurrengo urratsa egiteko unea: Prest Eguna. Ekainaren 10ean, Bilbon egingo du ekitaldi nagusia GEDk, Prest ibilbi-orrian jasotako hiru urteko fasea hasteko (2019 arte). Erabakitzeko eskubidea gauza dadin eskatuko dute, herri galdeketetan adostasunak eraiki ondoren, «erabakitzeko borondatea plazaratzeko unea iritsi da».
Goierriko GEDk herenegun Olaberrian egin zien goierritarrei Bilbora joateko deialdia. Ekainaren 10ean, larunbatarekin, 17:30ean, Euskadi plazako biribilgunean osatuko dute galdera-ikurraren burua, eta Elkano kalean behera plaza eliptikoraino (Moyua Plaza) luzatuko dute giza-oldea, ikurraren isatsa. GEDren elastikoa janzteko eskatu dute. Airetik, galdera ikurraren forma hartuko du bilkurak.
Parte hartzeko, konpromiso txartela eskuratu behar du nork bere herrian, eta ekitaldian erabiltzeko puxika bat emango diote. Antolakuntza gastuei aurre egiteko, 2 euro ordainduko da.
Goierritik autobusak
Prest Egunera joateko autobusak antolatuko dituzte Goierrin. Zerrendak jarriko dituzte herrietan, eta txartela hor edo herriko taldeari esanda bete behar da.
Goierriko Gure Esku Dagok, herenegun Olaberrian, galdera ikur bat osatuta egin zuen Bilborako deialdia, «kaleak herritarrez eta edukiz betetzeko». Iazko ekaineko galdeketatik urtebetera dator Prest Eguna. Kontsultari egin dio aipamen Goierriko GEDk, «ilusioz» gogoratuta: «Goierritarrok —15.724 lagunek bozkatu zuten—, elkarrekin, hautetsontziak borondatez bete genituen. Hala ere, urte hau ez da alferrik pasa, gure lekukoa hartuz 100 herri baino gehiagotan egin dituzte galdeketak», irakurri zuten herenegun Aitor Urkiolak eta Maialen Castejonek.
Estatus politikoaz erabakitzeko nahia eta giharra erakutsiko dute, orain.