Legazpiko Zineklub taldeak jardueraren gaineko inkestaren emaitzak eman ditu. Ikusleek ostirala egunik egokiena dela adierazi dute. Ordutegia da zalantza gehien sortu duena
Legazpiko Zineklubak bultzada eman nahi dio ekintzari. Izan ere, zine komertziala ikustera doazen ikusleak 120 bat badira batez beste, zineklubera doazenak 30 inguru dira. Kopuruak ikusita inkesta bat osatu eta azken hilabetean ikusleen eskura jarri dute. Orain, emaitzak aurkeztu dituzte. Ikusleen %83k zineklubak programatzen dituen film moten alde bozkatu dute, hau da, ez lukete aldaketarik egingo. Inkestan zine komertzialagoa programatu behar ote duten galdetu diete antolatzaileek. Ikusle gehienak bat etorri dira ezezkoa ematerakoan. Guztira 59 lagunek erantzun dute inkesta.
Inkestak beste hainbat galdera jasotzen zituen. Hala nola, zineklub emanaldiak egiteko egunaren gainekoa: Ostirala al da egunik egokiena? Ikusleen %65ek ostirala egunik egokiena dela berretsi dute.
Ordutegiak banatu ditu gehien ikusleak. Orain artean zineklub emanaldiak 22:15ean egin dira eta horren aldeko agertu dira %40, ordutegia aurreratu eta 21:30ean egitekoaren alde-koak %32 izan dira.
Javier Arrieta zineklubeko ordezkariaren hitzetan, «inkestak datu gehiago utzi ditu eta zineklubeko karteldegian publikatuko ditugu». Datu guztiak aintzat hartuko dituztela ere gehitu du, «datorren denboraldirako egin beharreko aldaketak egingo ditugu jaso ditugun emaitzak kontuan hartuta».
Arrietak inkestan parte hartu duten ikusleei eskerrak eman dizkie zerbitzua hobetzen laguntzeagatik.
Zineklub emanaldiak amaitu dira momentuz. Denboraldi berriari uda ostean emango diote hasiera.