Batzokia tabernaren erasoaren aurrean
GUTUNA – J.M. Aseginolaza (Beasaingo UBB)
Festa giroan murgildurik gauden hontan, gustatzen ez zaigun mezu bat zabaldu beharrean aurkitzen gara. Festak, festak dira, dibertsioa dibertsio, baina ez da arrazoirik eginiko kalteak justifikatzeko. Kristalak apurtzea, herria zikintzea ez da herriko festen programan sartzen. Ezin da festen euforiaz justifikatu. Guztiok dugu festa giroan murgiltzeko gogoa, guztiok nahi dugu herriko jaiez disfrutatu, azken finean, urtean behin besterik ez dira eta. Horrek, ordea, ezin digu nahi duguna burutzeko baimenik eman.
Beasaingo EAJren izenean, gertaturikoa salatu nahi dugu. Ez dugu ekintza hauekin bat egiten. Ez dugu jaien izenean buruturiko delituekin bat egin nahi. Errespetua eskatu nahi dugu herritarrekiko eta herriarekiko. Eskerrak eman Beasaingo Udala osatzen duten alderdiei eta eskainitako babesari.
Guztiontzat dira jaiak, guztiontzat da festa giroa, guztiok disfruta dezagun. Besterik gabe, beste behin, ekintza hauek salatu nahi genituzke, berriz errepika ez daitezen, festa giroan zein eguneroko errutinan, errespetua ideologia ororen gainetik egon dadin.
– J.M. Aseginolaza (Beasaingo UBB)