Iker Sancho lazkaotarrak euskaratuta, Aleksievitx Nobel saridunaren 'Gerrak ez du emakume aurpegirik' liburua aurkeztu dute, Lazkaon. Toti Martinez de Lezea ikasleekin aritu da, Nurrez.
Literatura-jarduera handiko egunak izan dira Lazkaon. Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainaren hondarrean, bi idazle gonbidatu ditu Gerriko elkarteak. Herenegun, Iker Sancho irakasle eta itzultzaileak (Lazkao, 1975) Gerrak ez du emakume aurpegirik liburua aurkeztu zuen, Gerriko liburu-dendan. Atzo, Toti Martinez de Lezea idazle gasteiztarrak goiz osoa igaro zuen liburutegian, San Benitoko LH3ko ikasleei Nurren abenturen xehetasunak ematen eta liburuak sinatzen.
Sanchok Zaitegi itzulpengintza saria irabazi zuen iaz, Arrasaten, eta haren emaitza da Gerrak ez du emakume aurpegirik. Svetlana Aleksievitx ukrainarrak Bigarren Mundu Gerraz 150 bat emakume errusiarri testigantzak jaso zizkien, eta 2015ean Nobel saria merezi izan zion. «Bi plano ditu liburuak: gerra eta emakumea. Ez da kronika ofiziala, emakume haien gerrako egunerokoa baizik. Sobietarren garaipenak auza asko ezkutatu zituen; bat, emakumeen gerra frontean. Gizonezkoek gizonezkoentzat egindako gerra izan zen», kontatu du Sanchok.
Udazkenean LiluraturanGerrak ez du emakume aurpegirik liburua herenegun goizean Donostian aurkeztu zuen, Elkar etxearen eskutik. «Liburu gizatiarra da, pertsona oso barrutik, biluzik, ikusten delako. Erraza da irakurtzeko, azkenean amonak ari direlako hizketan. Edadeko jendeak kontatuta, beste patxada, sakontasun eta ikuspegi bat dute gauzek».
Liburua salgai dago dagoeneko, liburu dendetan (22 euro). Udazkenean, Gerrikok duen Liluratura saioan izango da Iker Sancho. Udan irakurleei Gerrak ez du emakume aurpegirik irakurtzeko deia egin dute.
Atzo, berriz, Toti Martinez de Lezeak (Gasteiz, 1949) Nur pertsonaiaren abenturen berri eman zien ikasleei. Astelehe-nean, Josu Iztueta bidaiariak Biziminez dokumentala emango du, Maizpiden, 21:00etan.
Lazkaon emango dute lehen aldiz Nurren filma, etzi
Animaziozko euskarazko film baten estreinaldia Lazkaon izango da, asteburuan. Nur eta herensugearen tenplua filma, Toti Martinez de Lezearen izen bereko kontakizunean oinarritua, Hego Euskal Herriko hiriburuekin batera iritsiko da Lazkaora ere.
Areria antzokian, larunba-tean eta igandean ikusi ahalko da Nur eta herensugearen tenplua, ekainaren 3an 17:00etan eta 4an 16:30ean.
Martinez de Lezearen istorioa Lotura Films etxeak ekoitzi du zinemarako. Berriki hil den Juanba Berasategik zuzendu zuen, Eneko Olasagastiren gidoiarekin eta Joserra Senperenaren musikarekin.
Nur pertsonaiaren bildumako 3. ipuina da. Gurasoekin Txinara joango da bizitzera, eta hango lagunekin urtebetetze festa ospatzen ari dela Guo?Guo laguna desagertuko da.
Arerian, hain justu, astebukaera honetan izango da zinema-emanaldien denboraldiaren azkena, Nur eta herensugearen tenplua filmaren estreinaldiarekin. Helduentzat film emankizunik ez da izango, aurreko asteburuan bukatu baitzen. Urrian berrekingo diete berriz Arerian emanaldiei.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.