Poltsa berrerabilgarriak eta tupperrak erabiltzea sarituko da hilaren 10era arte. Ordiziako 13 elikadura saltokik parte hartuko dute ekimen horretan
Ordiziak bat egin du Europako Aste Berdearekin, ekainaren 3tik 10era. Ordiziako hondakin mahaiak, udalarekin eta Ordizian merkataritza elkartearekin elkarlanean bultzaturiko ekimena da. Erosleen artean, poltsa berrerabilgarriak eta tupperrak erabiltzea sarituko da. Horrez gain, erabilitako liburu eta diskoak herritarren eskura jarriko dira eta haurrei zuzendutako tailer bat ere antolatu dute.
Hondakinak murrizteko helburuarekin, herriko merkatariekin elkarlanean, poltsa berrerabilgarriak eta tupperrak erabiltzea berriro bultzatu nahi dute kanpaina horrekin. Orain dela urte batzuk, Ordizian elkartetik poltsa berrerabilgarriak banatu ziren eta Sasietaren bidez, arrandegietan erosketak egiteko tupperrak oparitu ziren. Helburua, plastikozko poltsen erabilpena murriztea da.
Ordiziako 13 saltoki
Hala, hilaren 10era arte, Ordizian elkarteko elikadura dendetara poltsa berrerabilgarri edo tupperrarekin gerturatzen den pertsonari, txartel bat emango zaio, zozketa batean parte hartzeko. Kanpaina horren bitartez, Ordizian elkarteko dendetan trukatu ahal izango diren 50 euroko bi erosketa txartel eta produktu ekologikoen bi saski zozkatuko dira.
Ordizian elkarteko fruta denda, arrandegi, harategi, okindegi, belar denda eta bestelako elikadura dendetan ari dira kanpaina burutzen. Guztira 13 saltoki dira kanpainan parte hartzen ari direnak; Goe arraidegia, Garin elikadura, Goierriko Baratza, Goiagi eta Pagosa okindegiak, Siglo XX harategia, Gorosti, Oreka eta Zabale belar dendak, Elikaleku elikadura ekologikoa, Ugalde edariak, Unanue gozotegia eta Goierriko Nekazal Kooperatiba dira.
Beste ekimen batzuk
Hilaren 8an,
Kultura ez da hondakin bat ekitaldia egingo da. Garbiguneetan egoera onean utzitako liburu, CD eta binilozko diskoak bildu eta salgai jarriko dira Plaza Nagusian.
Azkenik, hilaren 10ean,
Kimikarin tailerra egingo da berziklapenaren garrantzia barnearazteko helburuarekin. Plaza Nagusian 11:00etatik 14:00etara izango da.