Mendi festak kateatu ditu
Xabier Ormazabal eta Jon Maroto mendizale hilak gogoratzeko I. Mendi festa egin dute Urretxun, Lizeoko jolastokia topaleku hartuta. Bailaren arteko eskalada desafioan, Urolakoa nagusitu zaio boulderrean Debakoari (64-60).Bia anaia, bi anaiaren oroimene...
Xabier Ormazabal eta Jon Maroto mendizale hilak gogoratzeko I. Mendi festa egin dute Urretxun, Lizeoko jolastokia topaleku hartuta. Bailaren arteko eskalada desafioan, Urolakoa nagusitu zaio boulderrean Debakoari (64-60).
Bia anaia, bi anaiaren oroimenez. Tartean, laguntzaile asko eta asko, eta Urretxuko Udala babesle. Giro jatorrean igaro bai, baina aukeran eskertuko zuten eguraldi atseginagoa Andoni Ormazabalek eta Josu Marotok haien anaiak Xabier eta Jon, gogoratzeko antolatu zuten I. Mendi festan. Kalean, Lizeoko jolastokian, egin zuten larunbatean festa, eta egun euritsuari aurre eginez, mendian balebiltza bezala jardun zuten: adorez.Jolastokian jarritako boulderrean eskalada herrikoia eginez hasi zen festa 94 lagunek parte hartu zuten, eta une berean, Sebas Velasco, Josu Maroto eta Ander Martinez margolariek irudi bana margotu zuten patioko beste horrenbeste hormatan. Xabier Ormazabal eta Jon Maroto mendizale hilen irudiak osatu zituzten alboetan, tartean elurretako irudi orokor bat txertatuz. Haurrentzako parketxoa ere jarri zuten, eta baita taberna zerbitzua ere. Egunerako apropos egindako elastikoak ere saldu zituzten Josu Marotok egindako irudi bat du, eta Xabier Ormazabal Bekaren ikurra da.
Urola irabazle desafioan
Arratsaldean, aldiz, punta-puntako eskalatzaileak elkartu ziren Deba eta Urola bailaren arteko eskalada desafiora. Mikel Linazisoro, Aitziber Urrutia, Miriam Mulas, Josu Viejo, Ander Mendieta, Esther Cruz, Gorka Karapeto eta Erik Molina herritarra, besteak beste. Luxuzko aurkezle eta esataria izan zuen erronkak: Alex Txikon mendizale ezaguna.
Ordu laurdeneko lau txandatan aritu ziren nor baino nor eskalatzaileak, boulderraren lau blokeak tartekatuz. Elastiko urdin argiz Urolakoak eta zuriz Deba ibarrekoak. Norgehiagoka guztian Urolakoak joan ziren aurretik (22-7 lehen blokean, 41-27 bigarrenean, eta 52-40 hirugarrenean) eta laugarrenean Debakoek aldea murriztu arren, Urola izan zen garailea (68-64). Olana urdin baten pean aritu ziren lanean, baina ur-poltsak eta hezetasuna ez zituzten lagun izan.
Labeaga aretoan jarraitu zuen festak. Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak Xabier Ormazabal Beka aurkeztu zuen, eta segidan Gorka Karapetoren eta Alex Txikonen proiekzioak izan ziren. Andoni Ormazabalen irrintzi batekin amaitu zen eguna.
Datorren ostiralean argitaratuko den GoiBerri aldizkarian, Ormazabalek eta Marotok hilik dituzten anaia mendizaleak gogoratuko dituzte, oroiminez, bizi pozez.