Establezimenduen nahiz museoen kalitatea hobetzeko programatan parte hartzen ari diren eragileak saritu dituzte. Ekitaldia Legazpiko Chillida Lantokian egin dute
Diploma banaketa egin zuten herenegun arratsaldean Legazpiko Chillida Lantokian. Diplomak Goierri garaian lanean ari diren 26 turismo eragilek jaso zituzten Basquetourreko zuzendari Harkaitz Millanen eta Koldobike Olabide Urola Garaia Mankomunitateko lehendakariaren eskuetatik.
2012tik bailarako hainbat ostalari, museo nahiz enpresa, Uggasa garapen agentziako turismo arloaren laguntzarekin, Sictec kudeaketa turistikoko eta IKT-ko praktika egokien programetan parte hartzen ari dira, baita Euskadi Gastronomika egitasmoan ere. Bost urte hauetan eragile gehiago batzen joan dira programa eta egitasmo hauetara.
Ekitaldian Olabidek hitza hartu zuen establezimendu guztiei esker ona agertzeko: «Isilean egiten duten lana oso garrantzitsua delakoan gaude eta gaur errekonozimendu esplizitua egin nahi diegu». Olabidek Goierri garaiak, barnealdeko bailara bat izanik, turismoa erakartzeko daukan «potentzialari» azpimarra egin zion, «baditugu hainbat baliabide turistiko oso garrantzitsu sektorean arlo pribatuan modu positiboan eragin dezaketenak».
Basquetourreko Millanek Turismo Jasangarriaren urtea dela adierazi zuen eta jasangarria nola ulertzen duten zehaztu zuen: «Ingurugiroarekin lotzen dugu askotan, baina ekonomikoki eta sozialki bere pisua du. Ekonomikoki bisitarien etorrerari urte osoan zehar eusteko gaitasuna izan behar dugulako eta sozialki ohiko interesguneetatik harago bisitariak deslokalizatu eta beste leku batzuetara erakarri behar ditugulako».
Diplomak jaso aurretik hiru guneetako arduradunek testigantzak eman zituzten. Ezkioko Igartubeiti baserri museoko Kizkitza Ugarteburuk kalitate programari esker barne kudeaketaren hobekuntzan emandako urratsak aipatu zituen, eta bisitarien asebetetze maila ezagutzeko inkestak eta hango profesionalek jasotako prestakuntza ere nabarmendu zituen. «Programak horretan guztian lagundu digu», esan zuen.
Zumarragako Bidezar tabernako Roger Hidalgok esan zuenez, «hasieran ez geuden halakoetara ohituta, baina oso lagungarri egin zaizkigu jaso ditugun pauta guztiak».
Zumarragako Kabia jatetxeko Jaione Garmendiak Euskadi Gastronomikaren onurak izan zituen hizpide: «Oso esperientzia aberasgarria da jasotzen duzun babesagatik, egiten duzun harreman sareagatik, horrek guztiak gero eta hobeto aritzeko balio du».