Onddo, landare eta barazki berrien iturriak zabalik jarraitzen du ekaineko lehen ferian. Piperrak, gibelurdinak eta kuiatxoak izan dira oraingoan nobedade, porru landareekin batera.
Goizean 12 gradu Ordiziako plaza nagusiaren inguruan. Hotz egunik luzeenak bizitzen ari gareneko sasoi honetan, onddo, landare eta barazki berrien iturriak zabalik segitzen du.
Piper berri bat aipatuko dugu lehenik: italiarra, kiloa 4 euroan. Ekaineko lehen feriak ekarri ditu lehenbizikoak. Bestalde, pipermin edo ozpinetako piperren prezioa zuzendu beharrean gaude, 8 eta 12 euro artean baita salgai (eta ez 6 euroan, joan zen astean aipatu genuen bezala). 6 euroan dira, aldiz, Gernika eta piper luze eztia motakoak. Aire libreko kuiatxo edota kalabazina ere hasi da, bakoitza euroan eta lekak, kiloa 5-6 euro artean saltzen dira.
Mikologia atala aberastu zen atzo, oso estimatua den gibelurdinekin hain zuzen ere. Errioxatik ekarri zituzten 20 kilo; oso gibelurdin handi eta ederra zen, kiloa 24 euroan salgai. Zizahori, onddo eta udaberriko zizek osatu zuten eskaintza. Erosle asko inguratu zen perretxikoetara.
Urteko porru landarea
Landareetan urteko porrua hasi da. Oso barazki eskertua denik ezin uka; luzez landatu daiteke eta epe luzean mantentzen da baratzean garatu aurretik, noiz nahi hartu eta jateko prest. Gainera, toki gutxi hartzen du eta ia guztia aprobetxatzen zaio.
Loreetan gladioloekin edota daliekin egindako sortak salgai ziren 4-5 euroan.
Gutizien txokoa
Gutizien txokoa plazan duela urte bete dago. Jose Mari Mañuekoren postuaz ari gara. 12 urte pasatu zituen Goen plazan eta aukera izan orduko etorri zen Plaza Nagusira. Goi aldeko eskuineko kantoian postua jartzen hasi zenetik ekaineko lehen aste honetan urte bete pasa da. Gustura, oso bilan baikorra egiten du: «Oraindik jende askok ez ninduen ezagutzen eta hemen paso-pasoan naizenez, alde handia somatu dut, bai, salmentetan». Aparteko eskaintza du, txarkuteri, gazta, gatza eta abarretan. Hestebete iberikoak; odolkiak Great Taste saria irabazitako etxeetakoak; Roca sukaldari handiaren firma daramaten gatz mota ezberdinak; Cazorlako (Jaen) olioarekin egindako kabiar eta jaleak; kiwi, mugurdi, arana edota muxikarekin egindako dultzeak. Edozein menuari ikutu berezia emateko gutiziak esku-eskura astero.