«Makinen pantailen diseinua hobetzeko lan egiten ari naiz»

Erik Aranburu (Zumarraga, 1993) masterra eta doktoregoa egiten ari da. Ikergazte kongresuan makina-erreminten erabilpena errazteko egitasmo bat aurkeztu du.

Non egin zenituen ikasketak?

Oinarrizko ikasketak Urretxu-Zumarraga ikastolan egin nituen eta ondoren Mondragon Unibertsitatera joan nintzen, ingeniaritza ikastera.

Zergatik erabaki zenuen ingeniaritza ikastea?

Batxilergoan nahiko argi nuen ingeniaritza ikasi nahi nuela eta, marrazketa teknikoa asko gustatzen zitzaidanez, diseinu industrial espezialitatea ikasi nuen.

Zergatik aukeratu zenuen Mondragon Unibertsitatea?

Nire anaiak nik baino sei urte gehiago ditu eta berak ere Mondragon Unibertsitatean ikasi zuen. Erreferentzia onak pasa zizkidanez, Arrasatera joatea erabaki nuen.

Espero zenuena aurkitu al zenuen?

Espero nuenaren eta aurkitu nuenaren artean alde handi samarra dago: aurkitu behar nuena gustuko izango nuela uste nuen, baina espero nuena baino gehiago gustatu zait. Goitik behera asmatu nuen. Gustura egoteko moduan naiz.

Zergatik gustatu zitzaizun horrenbeste?

Sormena lantzen delako, batez ere. Unibertsitatera joan aurretik, ez dakizu zer aurkituko duzun. Izan ere, unibertsitateko ikasketak batxilergokoen oso ezberdinak dira. Matematika, fisika, marrazketa teknikoan ondo moldatzen nintzenez, ingeniaritza gustura egingo nuela uste nuen. Baina diseinu industrialaren xedea gauza berriak sortzea da eta sormen alorra asko gustatzen zaidala konturatu naiz.

Zer sortzen duzue?

Karrera honen helburua produktu industrial berriak sortzea da. Salduko diren produktuak sortzen ditugu. Horrek bereizten gaitu artetik. Arazo bati aurre egiteko, produktu berriak sortzen ditugu.

Zertan zabiltza?

Karrera bukatu ondoren, diseinuari buruzko bi urteko masterra hasi nuen. Masterreko bigarren urtean nago eta doktoregoa ere hasi dut. Masterra uztailean bukatuko dut eta doktoregoarekin jarraituko dut hurrengo hiru urteetan.

Zeri buruzkoa da doktoretzan egiten ari zaren lana?

Danobat makina-erremintaenpresarekin lan egiten ari naiz. Makina horien pantailen diseinua hobetzeko lan egiten ari naiz. Helburua langileek modu errazagoan lan egitea da. Pantaila horiek makinari aginduak emateko erabiltzen dira, baina azken 20 urteetan apenas aurreratu dira. Arazoak identifikatzen ari gara, pantaila berriak egin ahal izateko. Egitasmo honen atzean Danobat enpresa eta Mondragon Unibertsitatea daude.

Egiten ari zaren lana Ikergazte kongresuan aurkeztu duzu. Ikerketa mundua gustuko duzu.

Bai. Ikerkuntzan proiektuak garatzeko erremintak sortzen dituzu. Gauza berriak sortzea asko gustatzen zait. Bestalde, gainontzeko ikerlariak zertan ari diren jakitea ere asko gustatzen zait. Irakurtzea oso gustuko dut. Ikasten ari nintzen bitartean lan egin nuen eta nire ondoan lan egin zuen bat doktoregoa egiten hasi zen. Nik ere gustura egingo nukela pentsatu nuen eta aukera suertatu zitzaidan. Unibertsitateak doktoregoa egiteko aukera eman zuen eta aurkeztu egin nintzen.

Non lan egin zenuen?

Aldundiarentzat lan egin nuen. Etxeko janaria hobeto aprobetxatzeko produktu bat sortu nuen. Janari asko botatzen dugunez, janaria iraungitzera doala abisatzen duen produktu bat asmatu nuen. Gure lana erabiltzaileen arazoak identifikatzea da, gero irtenbidea emateko.

Produktu hori garatuko al da?

Nik sortu nuen produktua aldundiaren eskutan gelditu zen. Patentatu egin genuen, baina ez dakit aldundiaren asmoa zein den.

Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?

Nire burua unibertsitatean ikusten dut. Bertako sail bateko ki-deek ikerkuntza lanak egiten dituzte eta eskolak ematen dituzte. Ikerlariak eta irakasleak dira. Asko gustatuko litzaidake bertan lan egitea.

Nola ikusten duzu gazteen etorkizuna?

Ez da galdera erraza. Nire kuadrillan gehienok goi mailako ikasketak egin ditugu. Nire lagunen artean aurrera egiteko anbizioa ikusten dut. Ez dut etsipenik nabari. Bestalde, unibertsitate-ikasketak egin ez dituztenak, dagoeneko lanean daude. Horretaz gain, unibertsitatean geroz eta ikasle gehiago daude. Ingeniaritza ikasi dutenen artean ez dut etsipenik ikusten, baina beste unibertsitate-ikasketa batzuk egin dituztenen artean, ordea, bai.

Eta ikerlarien egoera zein da?

Ikerlari bezala lan egin ahal izateko, norbaitek zure ikerketa finantzatzea behar duzu. Ikerlari bat, enpresa bat eta unibertsitate bat behar dira. Nire kasuan, Mondragon Unibertsitateak ikerkuntza bultzatzen du eta Danobat enpresaren babesa dut. Ez dut inongo arazorik eduki. Masterrean hamabost lagun gara, aukera suertatu zen eta nik bakarrik eman nuen izena. Dena den, egia da nahi duten guztiek ez dutela ikerkuntza lanak egiteko aukera. Ez da erraza ikerkuntza bultzatuko duen enpresa bat aurkitzea. Halakoetan, bekak lortu behar dira.

Mondragon Unibertsitateak enpresak ditu atzean eta hori oso lagungarria da.

Hori da Mondragon Unibertsitateak duen gauzarik onena: enpresekin duen lotura estua. Gainera, irakasleen kopuru zehatz bat doktore izan behar da eta irakasleei ikertzeko laguntzak eman behar zaizkie. Hala, geroz eta ikerlari gehiago daude eta gehienak gazteak dira. Mondragonek ikerkuntza asko sustatzen du.

Gurasoak zutaz harro egongo dira.

Hala da. Inoiz ez dira nire gai-nean egon ikasi nezan. Bokazioz egin dut. Doktoregoa egiteko asmoa nuela esan nienean, nire nahia hori bazen, egiteko esan zidaten.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend