Joan zen igandean, 2017-06-04an, Loinatz jaietako zortziurrena zen eta herri kirolen erakustaldia izan zen Beasainen arratsaldeko 7etan. Denontzat gauza jakina da igandean egun osoan zehar euria egin zuela. Gezurra badirudi ere, udalak ez zuen inolako aterperik eskaini ekitaldia burutzeko. Loinatz jaietan mota askotako ekitaldiak izaten dira eta igandean ere baziren noski, baina egin zuen eguraldiarekin, denek behar izan zituzten estalpeak eta denentzat ez ziren iritsi. Ordutegian azkenekoetakoa zen herri-kirolen saioa ez zen frontoi estalian egiterik izan, aurretik zegoen beste ekitaldi bat bertan egin behar izan zelako eta haren amaiera jada beranduegi zelako egurrak hara ondo garraiatzeko.
Etorri ziren kirolariek, aizkolari eta harri jasotzaileek, izugarrizko profesionaltasuna eta duintasuna azaldu zuten eta asko lagundu, ordaindu eta bultzatutako beste edozein goi-mailako kirolarien gainetik jokatu zuten. Aizkolariak prest azaldu ziren euritan eta egur bustien gainean aizkoran egiteko, horrek berekin dakartzan arrisku guztiekin eta harri jasotzaileek eskarmentu izugarria erakutsi zuten, Joseba Ostolazak bereziki, udala ezer jartzeko gai ez izan arren, Josebak berak haymah bat ekarri baitzuen harriak jasotzeko estalpea izateko.
Oso baldintza txarretan, baina egin zituzten beren lan guztiak eta horregatik eskerrik beroenak hemendik Iker Vicente, Ruben Saralegi, Mikel Larrañaga, Iñaki Azurmendi, Xabier Zaldua eta Aratz Mugertza aizkolariei, arriskatu zuten guztiarengatik eta erakutsitako duintasun profesionalagatik; eta gauza bera Joseba Ostolaza, Aimar Irigoien eta Udane Ostolaza harri jasotzaileei ere, egindako lanarengatik. Josebari, gainera, bereziki haymah ekartzeagatik.
Herri honetan gauza batzuetarako diru asko dago baina Loinatz jaien programan hamarkada askotan urtero-urtero egindako herri kirolen saioari estalpe ziur bat eskaintzeko ezer ez da jartzen. Irakurleok atera zeuon kontuak. Ea dagokionak neurriak garaiz hartzen dituen Loinatz jaietako programan sartutako ekitaldi guztiak, euria egin arren, behar bezain egoki buru daitezen. Datorren urteko Loinatzetan ikusiko dugu zer erantzun dugun.
– Iñaki Muxika Garaialde (Arrano Beltza Euskal Herri Kirol Taldea)