Gailurrerantz mendizale elkartearen Enirioko txabola berreraikitzeko materiala prestatu dute. Hilaren 17-18ko asteburuan garbitu nahi dute erretako eraikina, berehala lanean hasteko.
Otsailaren 4an suak erabat kiskali zuen Zaldibiako Gailurrerantz mendizale elkarteak Enirio-Aralarren daukan txabola, Oiduegikoa. Haserreak —nahita eragindako sutea izan zela ebatzi zuten adituek— eta saminak —txabola eta inguru maitatua da oso mendizaleen artean— berreraiketari utzi zioten lekua, hainbat batzarren ostean. Orain, lanean hasteko garaia da.
Aurreko asteetan, zaldibiar talde bat txabolaren teilatu berrirako zurajea prestatzen aritu da, Urtesabelazpiko tailerretan. Habeak eta egiturako zurak inguratu, zepillatu eta tratamendua ematen jardun dira, auzolanean. «Ez da jende gehiegi animatu, egia esan; beti berdinak aritu dira», dio Gailurrerantzeko Alex Sukiak.
Batzarra, igandean
Herritarrak aktibatu nahi dituzte, atzera, berreraiketa eraginkorra, azkarra eta antolatua izan dadin. Igandean batzarra egingo du Gailurrerantzek bazkideekin, 17:00etan Zaldibiako antzokian. «Batetik, informazioa emango dugu, eta dagoeneko eginda dagoen proiektua erakutsi. Bestetik, lanerako prest daudenekin zerrenda bat osatu nahi dugu. Hurrengo astean goian lanean hastea da ideia, eta jendea bildu eta antolatu beharra dago».
Proiektua ingeniari batek idatzi du, lehen Aralarko «txabola guztien» proiektuak egindakoa. «Lehenago Oiduegi txabola zena, paperean jarri. Beste aldaketarik ez du egin. Teilatuaren isuria gutxitu dio, lehen handi samarra zeukalako, teilak hobeto asentatzeko», dio Sukiak.
Hilaren 17-18ko asteburuan Oiduegin garbiketa egin nahi dute: hondakinak atera, ingurua garbitu eta obrarako guztia prest utzi. Hilaren 19ko astean hasi nahiko lukete berreraikitze obrekin. «Dena auzolanean egin nahi da. Jendearen partaidetza eta
planning-a antolatuko dugu. Logistika ere prestatuko dugu, jateko eta lo egiteko».